Iturria:Zarauzko Hitza
Zarauzko PSE-EEk egungo sistema baliatuz %70eko gaikako bilketa tasara “aise” hel daitekeela dio. Udal Gobernuak emandako datuen arabera, egun tasa hori %40koa da. PSE-EEentzat, ordea, datu horiek ez dira “fidagarriak”. “Ez dira hondakin guztiak kontuan hartzen. Konparaketa erreala egin ahal izateko, zenbateko absolutua emateko eskatzen diogu Bilduri: zenbat jasotzen den auzokonpostaren bitartez, araztegian, hondartzan…”, nabarmendu du Iker Azpeitiak. Hori guztia kontuan izanda, gaikako bilketa tasa egun %60tik gorakoa dela deritze PSE-EEko ordezkariek. Ildo horretatik, Udal Gobernuak bosgarren edukiontziari “bultzadatxoa” emanez gero, %70eko tasa lor daiteke PSE-EEren arabera.
“PSE-EE beti egon da hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabiltzearen alde”, nabarmendu du Patxi Elolak. Hori horrela, asteartean abiatuko duten Hondakinen Mahaiaren helburuarekin bat egiten dute: 2014rako gaikako bilketa tasa gutxienez %70ekoa izatea. “Hori da bidea. Baina bide horretara nola iritsi eztabaidatu beharra dago”. Mahaia, ordea, “hasiera-hasieratik inposaketa” dela esan du; izan ere, Bilduren “moral bikoitza” salatu du: “Gardentasunaren izenean ezkutuko lana egiten ari da. Gaur bertan jakin dugu, prentsaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitatearekin akordioa sinatu duela, horrek Hondakinen Mahaia koordinatu eta lanketa teknikoa egin dezan”. Ildo horretatik, Bilduk oposizioa “behin eta berriz gutxiesten” duela dio Elolak, Hondakinen Mahaiaren antolakuntzari dagokionez ere bai. Udal Gobernuak dagoeneko mahaiaren metodologia proposatu duela ohartarazi du: “Guri ez digute utzi proposatzen. Gaur bertan sartuko dugu geure proposamena erregistroan, asteartean eztabaidatu ahal izateko”.
Murriztu, berrerabili eta birziklatu
Herritarrek hondakinak birziklatu, murriztu eta berrerabiltzeko “esfortzu” handia egiten dutela aitortu dute, baina “erantzuleen” jarduna zalantzan jarri dute: “Zergatik ez dira gaika jasotzen hondakinak Merkatu Plazan? Ez dute bidea egiten”. 2011-2012 artean, errefusa milioi bat kilo jaitsi zela jakinarazi du Azpeitiak, eta organikoa, berriz, hirukoiztu. 2011ean 300.000 hondakin organiko jaso ziren eta 2012an, aldiz, milioi pasatxo. “Datu fidagarriak zuzarautz.info webgunean publikatzeko eskatzen diegu erantzuleei, eta beren arloan zer egiten ari diren jakinarazteko, zer hobetu jakite aldera”.
Hondakinak murrizteko hondakinen kudeaketa “egokia” beharrezkoa dela nabarmendu du Gloria Vazquezek:”Edukiontzi bidezko sistema bultzatu nahi dugu, eta horren alde pausoak eman, ikastetxetan, merkatuan eta elkarte gastronomikotan, besteak beste”.