Hilabete inguru iraungo dute lanek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak finantzatuko du, 28.400 eurokorekin.
Aldundiko Ingurumen zuzendari Felix Asensio, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio, Zarauzko alkate Xabier Txurruka eta udaleko Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquez (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Mutxio parkean barrena, Santa Barbara ermitara doan ibilbidea egokitzeko lanekin hasi dira gaur. Eraztun Berde-Urdinaren barruan egingo den ekintzetako bat izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 28.400 eurokoko inbertsioa egingo du konpontze lan horiek egin ahal izateko. Lau asteko epean gauzatuko dituzte.
Lanak bi zonaldetan egingo dituzte. Alde batetik, Mutxio parkean eta Aiten Etxe jatetxeko aparkalekutik dagoen sarbidera arteko zatian, eta bestetik, parkearen bidetik Natura 2000 sarean sartu arte. Mutxio parkea eta Santa Barbara ermita natur balioengatik kontserbatu nahi dituzte, eta 2003tik daude Natura 2000 sarean sartuta.
Egungo bidea konpontzerakoan, beharrezkoak ez diren eta natur balioak oztopatzen dituzten elementuak kendu dituzte, eta, bide batez, segurtasuna bermatzen duten elementuak jarriko dituzte, oinezkoen bide izaerari eutsiz. Parkeko behatokian, gainera, heldulekuak, eskailerak eta hormak konponduko dituzte, baita mahai berriak jarri ere. Bioingenieritzako teknikak erabiliko dituzte lanak egiterakoan.
Jasangarritasunaren bidetik
Ingurumen Departamentuaren helburu estrategikoetako bat «Gipuzkoa jasangarri baten aldeko pausoak ematea» dela nabarmendu du Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. «Oso pozgarria da horrelako toki bat berritzea eta berreskuratzea. Guztion onerako izango da». Horrekin batera, «hondatutako espazioen berreskuratzea, ekosistemen biziberritzeak eta hauen naturalizazioak lurraldeari aukera emango dio klima aldaketaren aurrean mantentzeko eta areagotzeko, eta testuinguru horretan sartzen dira Zarautzen burutzen ari garen lan hauek».
Eraztun Berde-Urdina Zarauzko Udalaren agintaldi planaren helburuetako bat dela nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, eta horren barruan Mutxioko parajeetan hainbat lan eta konponketa egitea aurreikusten dutela. «Horien artean, bertako bideak garbitu eta oinezkoentzat paraje zoragarri honetan egun baino erosoago ibiltzeko aukera gauzatu ahal izatea», adierazi du. Era berean, «askorentzat paraje ezezaguna gerta daiteke, eta balioan jarri nahi dugu altxor natural hau, bideak erraztuz eta herritarrei paseatzeko beste aukera bat eskainiz».
Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek eskertu egin du aldundiak Eraztun Berde-Urdinaren inguruan lan egiteko erakutsi duen «prestutasunagatik», eta Mutxion egingo diren lanak horren fruitu direla azpimarratu du. Vazquezen esanetan, ingurua «egoera oso kaskarrean» dago, baina «proiektu honen helburu nagusia ez da bide bat egitea bakarrik, baizik eta batez ere natura babestea eta bertan dugun altxorra mantetzea». Zentzu horretan, gogora ekarri du Ingurumen sailetik berriki eman dituzten pausoak; Zingirako basoaren erosketa eta Vista Alegreko parkea zaintzeko Arkamurkarekin eginiko akordioa, esaterako.