Aurten, Zarautzen ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 21. edizioa. Eta hori ohore handia da bai gure udalerriarentzat bai Udal honentzat. Euskal Eskola Publikoaren jaiaren helburu nagusia hau da: Eskola Publikoak, euskal hezkuntza sistema osoan, erreferente modura duen papera aldarrikatzea. Aurtengo leloa da: Bale! Bizi garen seinale! Eta gai nagusia aniztasuna. Aniztasuna, gu guztiok daukagulako tokia eskola publikoan, Autonomia Erkidegoko ikaslerik gehientsuenak integratzen diren kalitatezko eskola plural horretan.
Hezkuntza oinarri-oinarrizko ardatza da gizarte guztietan eta lehentasuna izan behar du administrazio guztientzat. Beste alde batetik, ongizate-sistema mantentzeak ahalegina eskatzen die administrazio publikoei, kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiko badituzte, behintzat. Bi irizpide horiek uztartuta, argi eta garbi geratzen da zein garrantzitsua den Eskola Publikoan inbertitzea eta indartzea, bi hitzetan esanda, Eskola Publikoari lehentasuna ematea. Eta horixe da Euskal Eskola Publikoaren jaiaren aldarrikapen nagusia.
Adierazitakoagatik, beraz, PSE-EE udal talde politikoak Zarauzko Udalbatzarrean honako mozioa aurkezten du:
1. Zarauzko Udalbatzarrak babes osoa ematen dio, 2012ko ekainaren 10ean, Zarautzen ospatuko den euskal eskola publikoaren jaiaren 21. edizioari
2. Zarauzko Udalak beharrezko diren bitarteko guztiak jarriko ditu antolatzaileen esku, jaia normaltasun osoz ospatzeko.
3. Zarauzko Udalak 2012ko aurrekontuetan diru-partida bat gordeko du ekitaldi horretarako, ospakizun horrek eragiten dituen gastuen zati bat ordaintzen laguntzeko.
4. Hezkuntza zinegotzigoa gainerako udal talde politikoekin koordinatuko da, kultura, euskara eta hezkuntzako batzordearen bidez, informazioa eman eta ekitaldi honetarako dituzten proposamenak jasotzeko.
5. Zarauzko Udalak erabaki hau argitara emango du.
Zarautzen 2012ko martxoaren 16an