Jose Ignacio Iruretagoiena oroitu dute Zarautzen, hil zutela 20 urte bete direnean

Udaletxean egindako ekitaldian alderdi politiko guztietako ordezkariak eta PPko zinegotziaren senideak izan dira.

Bideoa
Iturria eta bideoa: EiTB

Zarauzko Udalak Jose Ignacio Iruretagoiena Alderdi Popularreko zinegotzia omendu du arratsalde honetan, ETAk hil zuela 20 urte bete direnean.

EH Bilduk ezik, udal talde guztiek adierazpen bat adostu dute, hilketa hura «bidegabea eta krudela» izan zela nabarmenduz.

Iruretagoiena 1998ko urtarrilaren 9an hil zuten, ibilgailu azpian jarritako lehergailu bat zartarazita. ETAk aurretik Euskadiko PPko beste hiru zinegotzi hil zituen: Gregorio Ordoñez, Miguel Angel Blanco eta Jose Luis Caso.

Garai hartan Eusko Alkartasunak zuen alkatetza eta herriko seme kutun izendatu zuen Iruretagoiena.

Gaur, hilketaren 20. urteurrenean, EAJk eta PSEk zuzentzen duten Udalaren omenaldia jaso du Iruretagoienak.

Osoko bilkurak egiteko aretoan Iruretagoiena oroitzeko plaka bat jarri dute eta ondoren Xabier Txurruka alkateak adierazpen instituzionala irakurri du.

«Indarkeriaren gaitzespenak eta biktimenganako elkartasunak batzen gaitu gaur. Zarauzko Udala, erakunde honetako alderdi politikoren bat edo hemengo ordezkariak familiaren egon ez bada edo hala izan dela sentitu baduzue, barkamena eskatzen dizuegu», azpimarratu du.

Ekitaldian izan dira Iruretagoienaren senideak, hala nola, Maria Jose Imaz alarguna eta haren semeak. Familiarentzat une «oso gogorra» dela esan du Imazek, «baina Jose Ignaciok omenaldi hau merezi zuen eta horregatik gaude hemen».

«Eskerrik asko etorri zareten guztioi, baina bereziki 20 urteotan gure alboan egunero egon zaretenoi», nabarmendu du.

Udal ordezkariez gain, agintari politikoak eta euskal erakundeetako ordezkariak ere izan dira omenaldian.

Bestalde, Mikel Goenaga Zarauzko EH Bilduren bozeramaileak esan du alderdi politikoen artean «oraindik lan asko» dagoela egiteko, «adostasun zabal batera heltzeko».

Alabaina, erantsi du koalizio soberanista ekitaldian irakurritako testuaren zati handi batekin bat datorrela.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *