Iturria: Urola Kostako Hitza
Abenduaren 20an kanpotik etorritako zein bertan jaiotako herritarrak elkar ezagutzeko beste ekimen bat egingo dute: munduko jakiak egiten ikasi eta dastatzeko aukera izango da herriko elkarte gastronomikoetan. Herriko aniztasuna ezagutzeko helburuarekin, gastronomia aitzaki hartuta. Hain zuzen, abenduaren 18aren harira, Etorkinen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dute ekitaldi hori. Eta modu horretan, maiatzean izan ohi den Zarauztik Mundura jaialdia urte osora zabaltzeko urratsa emango dute.
Atzerritik etorritako lagunek euren herrialdeko platerak sukaldatuko dituzte, eta zarauztarrek horiek prestatzen ikasi ahalko dute. Zortzi ikastaro izango dira, aldi berean. 13:00etan amaituko da ikastaroa. Behin ikastaroa amaituta, elkarrekin bazkalduko dute. Argentinako jakiak egiten ikasi ahalko da Francisco Zurbaran elkartean, Paraguaykoak Iñurritzan, Errumaniakoak Ezker Tokian, Saharakoak Babes Batzokian, Senegalgoak Arranon, Kolonbiakoak Kurpilen, Pakistangoak Alkartasunan eta Nicaraguakoak Ongi Etorrin. Bakoitzean hamalau pertsonek hartu ahalko dute parte: jatorri atzerritarreko bi sukaldarik, elkarteko bi ordezkarik eta beste hamar lagunek.
Parte hartu nahi dutenek Zarauzko Gizarte Zerbitzuetan eman beharko dute izena, bulegora (Zigordia kalea, 33) gerturatuta, 943-005127 telefonora deituta zein immigrazioa@zarautz.org helbidera mezua bidaliz. Zein elkartetan egin nahi duten ikastaroa adierazi beharko dute parte-hartzaileek. Abenduaren 18a izango da izena emateko azken eguna. 10 euro ordaindu beharko du bakoitzak.