Irita eta Asti babestea proposatu du Ingurumen Sailak

Irita eta Asti hezeguneen inguruko hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean udaleko Ingurumen Sailak. Besteak beste, kontserbazio bereziko guneak izendatzea eta Astiko eremurik handiena lurzoru urbanizaezin bezala sailkatzea.

Gloria Vazquez eta Leire Paz, ostiraleko agerraldian.
Gloria Vazquez eta Leire Paz, ostiraleko agerraldian.

Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza

Irita eta Asti hezeguneak «bide natural baten bidez Iñurritzako biotopoarekin lotuta» daudela eta, kontserbazio bereziko eremuan sartzea proposatu du udaleko Ingurumen Sailak.

Gloria Vazquez zinegotziak hezeguneen garrantzia azpimarratu zuen ostiralean egindako agerraldian. «Gizarteak ez ditu beste ekosistema batzuk bezainbeste baloratzen, baina biodibertsitate aldetik oso garrantzitsuak dira. Kontuan harturik Zarautz akuifero gainean dagoela, garrantzi berezia dute hemen, uholdeen eragina murrizteko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko, besteak beste».

Iñurritzako biotopo babestua Irita eta Asti hezeguneekin lotuta dagoela azaldu du Vazquezek, nahiz eta tartean «hirigintza oztopo handiak» egon. «Aspaldi Zarautzen egindako hirigintza garapenean ez zen kontuan hartu bide natural hori, eta errepideak, tenbideak, gasolindegiak eta bestelakoak eraiki ziren tartean». Ingurumen Sailak «ahal den heinean arazoa zuzentzeko», Irita eta Asti hezeguneak babesteko eta biotopoaren barruan sartzeko proposamena jarri du mahai gainean.

Horretarako, EKOLUR Ingurumen aholkularitzk diagnosi bat osatu du. Leire Paz EKOLUR-eko teknikariak azaldu du Irita eta Asti hezeguneek «balio ekologiko garrantzitsua» daukatela, eta Iñurritza Biotopotik banatuta egotea «gauza artifiziala» dela. Hori dela eta, proposatu dute Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (ZHAPO) aldaketa batzuk egitea, eremuak babesteko. Alde batetik, asmoa da Iritako eremuaren zati handiena, hiritartuta ez dagoena, sistema orokorreko espazio libreen barruan sartzea. Bestetik, proposatu dute Astiko eremurik handiena lurzoru urbanizaezina bezala birsailkatzea (gaur egun lurzoru hiritargarria da). «Aldaketa hauek ekologikoki justifikatuak daude», azaldu du Pazek.
Eguzki-Izar proiektuari ezezkoa

Osteguneko udalbatzarrean aurkeztu zuten Eguzki-Izar partzelaren garapenaren proposamena, eta PSE-EE-k aurkako botoa eman zuen, planteatutako plangintzarekin azaldutako arazoa «areagotu» egiten delako. «Garapena egiteari ez diogu ezezko borobilik eman, baina ahalik eta azalera gutxien erabiltzea eta etxeak ahalik eta baxuenak izatea da gure proposamena». Proiektuaren hasierako onespena onartu egin zuten, EH Bildu eta EAJ alderdien aldeko botoekin.
Zingira basoa

Zarauzko Udalak Zingira basoa erosi zuenetik Arkamurkak berreskuratzeko lanketa egiten ari dira, Aranzadi Elkartearekin elkarlanean. Horrez gain, basoan lehen zegoen zingira berreskuratze lanetan dihardute, eta lanak oraindik bukatu ez dituzten arren, putzua sortzea lortu dutela azaldu du Vazquezek.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *