Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko

Hilaren 23rako indarkeria matxistaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Parekidetasun sailak, eta dagoeneko eman daiteke izena.

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia eta Edurne Urbieta Parekidetasun teknikaria, jardunaldiko kartelak eskuetan dituztela.
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia eta Edurne Urbieta Parekidetasun teknikaria, jardunaldiko kartelak eskuetan dituztela.

Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a, eta horri lotuta, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak zenbait datu eman ditu. Ongizate departamentuaren zein Ertzaintzaren datuen arabera—oraindik ere ez dituzte osasun zentroko datuak—, aurten, uztaila bitartean, 23 emakume izan dira indarkeria matxistaren biktima Zarautzen. Iaz urte osoan 24 kasu izan ziren.

Adin tarteari dagokionez, «denetarik» dago. Biktima zaharrenak 80 urte ditu, eta adin txikikoak ere badaude, 5 kasu, zehazki. «Kontuan izan behar dugu emakume askok seme-alabak dituztela, eta horiek ere biktima direla, edonola ere», gaineratu du Vazquezek.

«Askotan emakumeek ez dute nahi izaten salaketa jarri. Eta behin salaketa jarrita, zailtasun asko izaten dituzte», dio Vazquezek
. Hain zuzen, 23 kasuetatik 11 salaketa jarri dituzte Zarautzen, uztaila bitartean. «Askok salaketa jartzeko beldurra izaten dute, okerrerako izango delakoan edota arazoak ekarriko dizkielakoan«, zehaztu du Parekidetasun zinegotziak. Salaketa prozesua bera ere «gogorra» dela aitortu du, eta horren aurrean, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak prozesu hori errazten laguntzeko ekimen berezia antolatu du.

Lau hitzaldi eta mahai ingurua

«Normalean egun hauetan sentsibilizazioa lantzen da. Baina harago joan nahi izan dugu, sakonago aztertzeko gaia«. Hori dela eta, lehenbiziko aldiz, indarkeria matxistaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte hilaren 23rako. Egun osoko jardunaldiak izango dira, eta bereziki, indarkeria matxistaren legearen eta prozesu judizialaren nondik norakoetan sakonduko dute: besteak beste, salaketa jarri duten emakumeek zer-nolako prozesua pasatu behar duten azalduko dute; legearen argi-itzalak aztertu, azken 12 urteko esperientzian oinarrituta; epaitegietako prozesuaren inguruan hausnartu eta emakumeak jasan dezakeen bigarren biktimizazioaz hitz egin. Horretarako, lau hitzaldi eskainiko dituzte feminismoan eta indarkeria matxistaren inguruan adituek.

«Azkenik, ahalegina egingo dugu esperientzia hori bizi izan duten emakumeei hitza emateko«. Horretarako, Haize Berria (Bilbo), Mujeres que aman demasiado (Bilbo), Mujeres Bizirik (Gasteiz) eta Mujeres al Cuadrado (Eibar) elkarteetako ordezkariak gonbidatu dituzten arratsaldeko mahai ingurua parte hartzeko.

Jardunaldiak gaztelaniaz izango dira eta parte hartu nahi dutenek eman dezakete izena dagoeneko, berdintasunazarautz.files.wordpress.com atariaren bidez, Parekidetasun sailera bertaratuta (Zigordia kalea, 33, 1. solairua), 943-005117 telefonora deituta edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita.

===
OHARRA: Hitzaldi guztiak gaztelaniaz izango dira. Aldi bereko itzulpena eskainiko da gaztelaniatik euskarara.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *