Atzo aurkeztu zuen mozioa PSE-EEk, baina proposamena ez da aurrera atera. Patxi Elola legebiltzarkide sozialistak EAJ eta EH Bildu alderdien aurkako jarrera kritikatu du.
Zarauzko tren geltokia.
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
Aldeko 25 bozka eta aurkako 47 jaso zituen. Horren aurrean, EAJ eta EH Bilduren jarrera «ulertezina» dela adierazi du Patxi Elola PSE-EEko parlamentariak eta Zarauzko zinegotzi ohiak. Bere esanetan, Deba-Donostia arteko udalerri garrantzitsuenek 2014an egindako eskaerari ez diote jaramonik egin.
Gaueko tren zerbitzua asteburuetan eta kirol nahiz kultura jarduera garrantzitsuetan jartzeko eskatzen zuen PSE-EEk, eta hori beranduenera ere ekainaren 1erako izatea. EAJk eta EH Bilduk, euren aldetik, ordezko proposamen bat aurkeztu zuten, beharraren inguruko ikerketa bat egiteko eskatuz. PSE-EEren ustez, beraien iritzia ez emateko aitzakia da. Izan ere, «duela hiru urte bideragarritasun ikerketa egitea onartu zen, eta, orduan, EAJk aldeko botoa eman zuen eta koalizioa abstenitu egin zen”.
Elolaren hitzetan, «hiru urteren ondoren, Eusko Jaurlaritzak ez du arrazoitzen zergatik ez dituen tarte horretako bizilagunen eta udalerrien eskaerei erantzuten, beste tarteetan zerbitzu hori ematen duenean». Era berean, EAJ eta EH ildu alderdien jarrera “inkoherentea” dela kritikatu du. «Zumaian eta Zarautzen gaueko trenaren alde egiten den bitartean, Legebiltzarrean kontra egiteak ez du zentzurik”.