“Ezin da leihorik ireki”

Iturria: Urola Kostako Hitza

Zarauzko Alfako bizilagunek urte ugari daramatzate A-8 autobideko zirkulazioak eragiten duen zarata jasaten. Zarauzko Udalari eskatu diote Bidegiri zuzenean galdegin diezaion irtenbidea.

«Ezin da jasan». Udan, beroa egiten duenean, ezin dituzte leihoak ireki, zirkulazioa handia delako. Ezta neguan ere, nahiz eta ibilgailu gutxiago ibili, euria egiten duenean are zarata gehiago sortzen delako. Alfako (Orokieta ikastetxe ingurua) bizilagun batzuk «etxean blindatuta» bizi dira A-8 autobideko zirkulazioak sortzen duen zaratagatik. «Kobazuloan sartuta bezala».

«Xurgatzailea pasatzerakoan soilik ireki ditzaket leihoak, etxe barruko zarata kanpokoa baino altuagoa delako», nabarmendu du batek. Egoera azaltzeko, konparazio bat egin du: gauean, ondokoa zurrunkaka hasten denean, esnatu eta soinu gogaikarri horrek nekez utzi ohi du berriz ere lokartzen. Gauza bera gertatzen zaio autobideko zaratarekin. «Zarata buruan sartu eta ezin izaten dut ahaztu».

Neurketa ere egin dute batzuek. Adierazi dute ordainsaria merketu zutenetik jende gehiagok erabiltzen duela autobidea, eta ondorioz, zarata gehitu egin dela. Apirila eta azaroa bitartean izaten da egoera jasanezinen, haien arabera. Uda sasoian, oporren bueltan, gainera, ibilgailuen joan-etorria areagotu egiten da. Baina, neguko lanegunetan ere, zirkulazioa handia izaten da. Batez ere, jendea lanera doanean, 06:00ak eta 09:00ak bitartean. Igande goizetan murriztu egiten da zarata, eta gaualdera ere bai, 02:00-05:00 artean, gutxi gorabehera.

Bidegiri eskaera
Egoera horrek bizitza baldintzatzen die bizilagunei. «Askotan umore txarrez egoten naiz, eta dudarik gabe, lasai bizitzeko ditugun eragozpenengatik da». Nabarmendu dute 15 urte daramatzatela egoera hori jasaten. Eta ez bizilagunek soilik. Gogoratu dute inguruan bi ikastetxe daudela, eta zaratak ikasle nahiz irakasleei ere oztopatzen diela euren jarduna.

Aitortu dute irtenbidea «zaila» dela. Bizilagun askok «esfortzu handia» egin dute etxeetako leihoak aldatu eta eraginkorragoak jartzeko, baina ez da «nahikoa». Horregatik, panel akustikoak jartzeko eskatu dute beste behin. Zentzu horretan, Zarauzko Udalari galdegin diote Bidegiri—horren eskumena duen entitatea— zuzenean egiteko eskaera.

Gogoratu dute Itxasmendiko beste aldean, ordaintokiaren parean, duela urte batzuk jarri zituztela panelak, eta «aldea ikaragarria» dela. «Ez da sentsazio soila. Bertako bizilagunek dezibel kopurua neurtu dute, zehaztu du batek. Gipuzkoako Foru Aldundiak azterketa tekniko bat egin zuen, eta horren arabera, Itxasmendi parean panelak eraginkorrak liratekeela zehaztu zuten.»

Hainbat mozio onartu du udalbatzak gaiaren inguruan, eta herenegungo osoko bilkuran zertan diren galdetu zuen Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak. Mikel Goenaga EH Bilduko zinegotziak esan zuen eskaera bidalita dagoela aldundira, eta kontuan hartuko zutela erantzun ziela.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *