Errefuxiatuei laguntzen jarraitzea «gure betebehar morala» dela dio Kooperazio zinegotziak.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Gaur Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, Pablo Garcia Astrain Kooperazio zinegotziak (PSE-EE) udalak hartutako neurriak gogora ekarri ditu. «Siriako gatazka gogortu eta errefuxiatuen egoera larriagotu zenean, udalak berehala martxan jarri zituen haren esku dauden harrerarako beharrezko baliabideak». Zehazki, lau etxebizitza eskaini zizkion Eudeli, Euskadin errefuxiatuen harreraz arduratzen den elkarteari. Era berean, Gurutze Gorriarekin elkarlanean protokolo bat definitzen ari da erakundea, errefuxiatuak Zarauzko etxeetan hartu ahal izateko.
Gogoratu du 2015. urtean urgentziazko bi laguntza eskaini zituela Zarauzko Udalak: bat ACNURi, 2.000 eurokoa, eta bigarrengoa, Salvamento Maritimo Humanitario elkarteari, 2.500 eurokoa. Aurten, ACNURi, beste 6.000 euro ematea adostu dute, errefuxiatuen kanpalekuetara bideratzeko. Horrekin batera, hainbat sentsibilizazio kanpaina ere jarri dituzte martxan, herriko elkarteekin (Basque lifeguards eta Hotz Zarautz, kasu) elkarlana bultzatu dute eta kooperaziorako laguntzen oinarriak moldatu dituzte, proiektu humanitarioak ere bultzatu ahal izateko.
«Gatazka honen aurrean, hiru oinarri ditu udalak: laguntza in situ, herritarren sentsibilizazioa eta harrera eraginkorra. Egun, munduan 60 bat milioi errefuxiatu daude eta haiei laguntzeko beharrezkoa da gure hondar alea jartzen segitzea. Gure betebehar morala da», nabarmendu du Kooperazio zinegotziak.