PSE-EEk aurkeztutako mozioaren alde egin zuten alderdi sozialistak eta EAJk. Horren bidez, azaroaren 14ean eta abenduaren 2an preso ohiari egindako harrera publikoak gaitzesteaz gain, biktimei elkartasuna adierazi zieten «ekitaldi horiek haiengan eragindako ondoezaren aurrean» eta berretsi zuten «beharrezkoa dela lan egitea bizikidetza eta terrorismoaren deslegitimizazioaren bidean». EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek mozioaren kontra bozkatu zuten.
PSE-EEk aurkeztu zuen mozioa. (Erlo)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Urteko azken udalbatzarrean, abenduaren 28koan, Ekhine Eizagirreri egindako harreren kontrako mozioa aurkeztu zuen PSE-EE alderdiak. Horren bidez, Gloria Vazquez alderdiko bozeramaileak gogoratu zuen azaroaren 14ean eta abenduaren 2an harrera publiko bana egin ziotela preso ohiari, «ETAko zein, beste hainbat armen artean, 40 kilo lehergailu zituen talde bateko kide izateagatik lau urteko zigorra bete ondoren».
Adierazi zuen «ETAko kideei kalean harrera egitea etikoki nahiz politikoki onartezina» dela: «Ekitaldi horiek irain bat dira memoria, erreparazioa eta justizia zor diegun ETAko biktimentzat». Gogoratu zuen Zarautzen 13 lagun hil eta beste hainbat zauritu zein mehatxatu zituela ETAk eta, zentzu horretan, ezin dela «onetsi horren arduradunak heroi gisa goratzea».
Alderdi sozialistak, mozioaren bitartez, eskatu zuen preso ohiari egindako harrera publikoa gaitzesteko eta «ekitaldi horiek biktimengan eragindako ondoezaren aurrean» haiei elkartasuna adierazteko. Era berean, berretsi zuen «beharrezkoa dela lan egitea bizikidetza eta terrorismoaren deslegitimizazioaren bidean».
EAJk mozioaren alde egin zuen, nahiz eta aitortu jeltzaleek ez luketela mozioa modu horretan idatziko. Dena den, Jesus Arana EAJko kide eta Bizikidetza Batzordeko buruak nabarmendu zuen guztiek «esfortzua» egin behar dutela eta kontuan hartu behar direla «biktimek jasan dituzten une zailek utzitako ondorioak». «Hori oraindik ere ez dugu gainditu eta intituzio ezberdinek aitortu behar dute herri hau denbora askoan terrorismoa, indarkeria eta giza eskubideen urraketen mende egon dela, eta oraindik ere badagoela», adierazi zuen.
Zentzu horretan, esan zuen EAJk ez duela «ongi» ikusten harrerak nola egin ziren, ekitaldiok biktimengan izan zezaketen eraginagatik, eta nabarmendu zuen «lan asko» dagoela egiteko pertsona ororen giza eskubideen alde. «Giza eskubideen zein terrorismoaren deslegitimizazioaren alde lan egiteak izan behar du gida beti».
Ildo horretatik, Bizikidetza Batzordean egiten ari diren lanak bere emaitzak emango dituela ziurtatu zuen Aranak, eta 2018a urte «garrantzitsua» izango dela bide horretan. «Alderdi guztiok halako gai sentiberen inguruan hitz egiteko gai garen bitartean, etorkizuna lantzen ari gara».
Mozioa erretiratzeko eskaera
EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, berriz, mozioa erretiratzeko eskatu zioten PSE-EEri. EH Bilduko bozeramaile Mikel Goenagak nabarmendu zuen bizikidetzaren arloan elkarlana «garrantzitsua» dela eta mozioak ez duela bide horretan «gehiegi laguntzen». Jakinarazi zuenez, koalizioak «balio handia» ematen dio Bizikidetza Batzordeari «guztion adostasunak bilatu eta aurrerapausoak emateko bidean», eta horregatik eztabaida «etxean» eman behar dela lehenbizi, ondoren herritarren aurrean «adostasun zabalena» adierazteko.
«Gu saiatuko gara Bizikidetza Batzordean lan egiten jarraitzen, nahiz eta geroz eta zailagoa egiten zaigun», aitortu zuen Goenagak. Haren arabera, PSE-EEk ez du arazoa bere osotasunean hartzen; «puntu konkretu batean fokalizatzen» du. Hala, mozioak duen «konotazioagatik» ezin zutela onartu adierazi zuen eta «prestutasun osoa» agertu zuen adostasunetara heltzeko.
Irabazi Zarautzeko Oihane Delgadok bat egin zuen EH Bildurekin, adieraziz mozioak Bizikidetza Batzordearen lana «desegiten» zuela. Gogoratu zuen Eizagirrek betea duela bere zigorra eta azaroaren 14ean zein abenduaren 2an egindako harreretan ez zutela hark egindakoak nahiz ETA goraipatu. Zentzu horretan, aitortu zuen ez zuela «ulertzen zertara zetorren mozioa».
Irabazi Zarautzek elkartasuna adierazi zien biktimei eta eta terrorismoaren deslegitimizazioaren bidean zein indarkeria ororen kontra lan egiteko konpromisoa erakutsi zuen. «Baina hori ez da lortzen halako mozioekin», salatu zuen.
Vazquezek ez zuen mozioa erretiratu, argudiatuz harrerak publikoki egin zirela eta, horrenbestez, erantzunak ere publikoa behar zuela izan. Gaineratu zuen mozio horrek ez duela Bizikidetza Batzordearen lana «oztopatzen» eta lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen, «asko baitago hitz egiteko». Gehiengoz atera zen aurrera PSE-EEren eskaera, 11 aldeko botorekin eta 9 kontrako botorekin.