Bulegoaren kanpoaldea txukundu dute eta bisita-txartelak berritu dituzte
Gloria Vazquez, Parekidetasun zinegotzia, eta Aitziber Estonba sexologoa, bulegoaren sarreran.
Argazkia eta iturria: Noticias de Gipuzkoa
Zarauzko sexu aholkularitza gunea zerbitzu “interesgarria, aberasgarria eta integrala” delakoan, Udalak bulegoaren itxura aldatu eta kanpoaldea erabat txukundu du; besteak beste, loreak eta panel bat ipini dituzte, “lekua bera balorean jartzeko”. Hala adierazi zuen ostiralean Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak, bulegoan bertan eginiko prentsaurrekoan.
“Aldaketa horiek egitea garrantzitsua dela pentsatzen dugu. Azken finean, herritarrak beren kontsultak egitera datoz hona eta garrantzitsua da bai barrutik bai kanpotik goxotasun hori ematea, eta itxura berriarekin goxotasuna gehitzen ari garela uste dugu”, adierazi zuen zinego-tziak. Berrikuntza horrez gain, zerbitzuaren bisita-txartelak ere berritu dituzte logo berriaren irudiarekin. Hala, txartel berriak leku publikoetan izango dira eskuragarri, eta Aitziber Estonba sexologoak jakitera eman zuenez, itxaron-gela duten komertzioetan ere jarriko dituzte zarauztar orok zerbitzuaren informazioa izan dezan.
Azken hilabeetako balorazio “oso positiboa” egin dute, guztira 30 kontsulta inguru izan dira eta gehienak 30 eta 40 urte tartekoak izan dira
Zerbitzuaren erabilerari dagokionez, azken hilabeteetako balorazio “oso positiboa” egin dute eta erabiltzaileen inkesten erantzunak ere ezinhobeak izan dira. “Irailetik urtarrilera 30 kontsulta inguru izan ditugu. Gehienbat bikoteak etorri dira eta bikotearen elkarbizitzan sortzen diren trabak eta zailtasunak izan dira gai nagusiak, baina harreman erotikoen zailtasunak, ligea, banaketa eta lehen aldiari buruz ere egin dituzte kontsultak”, azaldu zuen sexologoak. Profil nagusia, berriz, 30-40 urte inguruko pertsonak izan dira.
Sexu aholkularitzaz gain, Parekidetasun sailak beste hainbat ekintza burutzen dituela ere gogorarazi zuten. Batetik, hezkuntza saioak ematen dituzte herriko ikastetxeetan; bestetik, Sexkulari programa grabatzen dute Erlo telebistarekin elkarlanean; eta azkenik, anbulategiko haurdunaldi, erditu ondorengo eta menopausia taldeekin ere elkarlanean aritzen da Estonba.
Kontsultaren bat egin nahi duenak, asteartero du aurrez aurreko kontsulta egiteko aukera 17.00etatik 21.00etara (Zuberoa kalea, 22), eta 943 005 128 telefonora, sexuaholkularitza@gmail.com helbidera eta sare sozialetara ere jo daiteke.