Beldurra eta oroitzapen txarrak, Iñurritza ibaiaren bidea oztopatuz

Uraren Euskal Agentziak ibaiaren horma zati bat kenduko du suhiltzaileen eraikin paretik San Pelaio aldera, eta Itxasmendiko hainbat auzotarren kezka eragin du horrek.

Ehundik gora auzotar elkartu zen astearte iluntzeko batzar irekian, Itxasmendin. (Onintza Lete Arrieta)
Ehundik gora auzotar elkartu zen astearte iluntzeko batzar irekian, Itxasmendin. (Onintza Lete Arrieta)

Argazkiak eta iturria: Zarauzko Hitza

itxasmendi

Udazkenean Iñurritza ibaiaren zati bat naturalizatzeko lanak hasiko ditu URA Uraren Euskal Agentziak. Helburua ingurumena hobetzea da, garai bateko esku hartze zakarrak leunduta. Gaur egun horma bat dago ibaiaren ertzean, eta zati bati kendu egingo diote, «nahikoa lur badagoelako ibaia hazita datorrenean zabaldu dadin». Hala azaldu du Ernesto Martinez de Cabredo URA agentziako zuzendariak. Zarautzen bertan bizi da, eta astearte iluntzean Itxasmendiko auzo elkartera bertaratu zen, auzotarren kezkak erantzuteko. Ehundik gora auzotar elkartu zen, eta askok hartu zuten hitza.

«Beldur gara. Beldur gara, horma kentzean ura sartuko ote den gure etxeetako sotoetara edo hezetasun arazoak areagotuko ote diren. Eta hori gertatzen bada, zein egingo den kargu horretaz». Uholde arriskua gehituko denaren beldur dira auzotar asko, eta beste kezka da zenbat eragingo dieten lanek auzoaren irisgarritasunari, sarrera-irteera bakarra dagoenez.

URA agentziako zuzendari nagusiak berehala argitu zuen kezka-iturri nagusia: «Horma kentzeak ez du gehituko uholdeak izateko arriskua, eta ez du hezetasun gehiago sortuko sotoetan. Ez du ez gutxituko, ez gehituko». Erantzun irmo horrek ez zituen herritarrak lasaitu, ordea. «Eremu honetan uholdeak egoteko arriskua oso txikia da», erantsi zuen, «hemen arazoak baldin badituzue, Euskal Herri osoan izango ditugu arazoak». Baina hitz horiek ere ez zuten lasaitu jendea. Azaldu zuen lanak hasi aurretik perito batek ikusiko dituela eremu horretako sotoak, eta lanen ondorioz arazoak baleude, agentziaren segurua egingo litzatekeela horien kargu. Baina azalpen horrekin ere ez zeuden gustura asko.

«Ez dut sinisten ura ezin denik iritsi etxeetara», esan zuen herritar batek. Beste batek esan zuen horma egin zela uholdetasun arazoei aurre egiteko, eta ea zer zentzu zuen orain kentzeak. «Horma egin aurretik beti ura sartzen zen». Martinez de Cabredok azaldu zuen horma ez dela beti urari eusteko sistema eraginkorra, eta hainbat adibide eman zuen. «Azterketa teknikoak egin dira eta frogatuta dago horma kenduta ez dela uholdetasun arriskua haziko. Nahikoa toki izango du ibaiak inguruko lurretara zabaltzeko, etxebizitza guneetara iritsi gabe». URAren zuzendariarekin batera zen Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia: «Lehen gauza asko egiten zen gaizki ezjakintasunagatik. Orain badakigu nola babestu jendea eta etxebizitzak, ibaiertzean hormak jarri gabe eta ingurumena errespetatuz», esan zuen. «Uler dezaket hormak babes sentsazioa ematen duela. Intuitiboa da sentsazio hori, baina ez dauka erreala izan beharrik. Adituek aztertu dute eta ziur esan dezakegu kentzeak ez duela kalterik sortuko». Auzoko sotoetan dagoen hezetasun arazoa arazo orokorra dela ere azaldu zuen Vazquezek: «Ez da ibaiarengatik; hezetasun arazoa Zarautz osoan dago, herria akuifero baten gainean dagoelako». Horregatik, konfiantza eta lasaitasuna eskatu zituen zinegotziak. Alferrik, ordea.

Batzarrean tentsio uneak egon ziren: herritar batek baino gehiagok hitz egin zuen haserre, eta errespetu faltak ere egon ziren. Halako batean, beste herritar batek hartu zuen hitza, eta errespetua eskatu zien bere bizilagunei: «Oso haserre nago hemen entzuten ari naizen gauzengatik, ezin delako esan nahi den guztia ezer jakin gabe gai horri buruz eta azalpenak ematera etorri diren pertsonei errespetua faltatuz».

Auzotar batek baino gehiagok aipatu zuen orain urte asko ere arazoak izan zirela urarekin, gauzak gaizki egin zituztela agintariek, eta auzoak ordaindu behar izan zituela ondorioak. «Autobidetik ur mordoa etorri zen gure etxeetara, eta galera handia eragin zigun. Diru asko kostatu zitzaigun», gogorarazi zion batzarretik irtendakoan auzotar batek gazteagoa den beste auzotar bati.

Kontuak kontu, baikorra da Ernesto Martinez de Cabredo. Uste du lanak hasten direnean auzotarrak lasaituko direla eta ikusiko dutela «benetan merezi duen lana» dela.

Pixkanaka kenduko da

Suhiltzaileen eraikinaren atzean egurrezko pasabide bat dago oinezkoentzat, eta ibaiaren bi aldeak lotzen ditu. Pare horretatik San Pelaio aldera kenduko dute eskuineko horma, hezegunearen ondoan dagoena. Itxasmendi auzo partean, alegia. Errepide aldeko horma, berriz, zati bat utzi egingo dute, errepidea eusteko funtzioa duelako.

Eskuineko horma pixkanaka hasiko dira kentzen, eta momentu batean dena eroriko da eta zonalde hori natural geldituko da. Sei hilabetean lanak amaituta egongo direla aurreikusi du Martinez Cabredok. Errotaberrin ere egingo ditu lanak URAk, baina han 18 hilabete iraungo dute, «konplexutasun handiagoa» duelako. «Uholdeak izateko arrisku handia dago han, eta helburua izango da arrisku hori gutxitzea». Horiek amaitzean ikusiko dute garbiketa edo mantenu lanak egin behar diren.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *