2014-2015 ikasturtean 68 kontsulta egin dituzte
Gloria Vazquez eta Aitziber Estonba (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Urola Kosta Hitza
Martxan da berriz ere Sexu Aholkularitza Gunea, uztailetik itxita egon ondoren. Aurten, berrikuntza moduan, arratsaldetan eskainiko dute aurrez aurreko zerbitzua, 17:00-21:00 bitartean. Eguna ez da aldatu; asteartero argitu ahalko dira sexuari buruzko zalantzak Aitziber Estonba Harremanak hezkuntza elkarteko sexologo eta sexu aholkularitza guneko arduradunarekin Zuberoa kaleko 22. zenbakian.
Bertaratu ezin dutenek ordutegi berean telefonoz (943-005128) egin ditzakete kontsultak, eta baita aste osoan zehar sexuaholkularitza@gmail.com helbidera mezua bidalita zein sare sozialen (Facebook, Tuenti eta Twitterren Zarauzko sexu aholkularitza gunea bilatuta) bitartez ere.
Ordutegia aldatzeaz gain, aurten erronka berriak jarri dituzte: zerbitzua herrian baliabide gisa finkatzea, kontsulta kopurua areagotzea, gaiak zabaltzea, etorkinak hurbiltzea eta kontsultak bikotean gehiago egitea.
68 kontsulta
Duela bost urte abiatu zuten zerbitzu hori, eta urteotan kontsulta ugari egin dituzte lokalean bertan zein intertnet bidez. Zehazki, 2014-2015 ikasturtean, 68 kontsulta egin dituzte. Horietatik, %55,8a erabiltzaile berriek egin dituzte, gainera. Estonbak jakinarazi du gehienbat aurrez aurreko hitzorduetara jotzen dutela erabiltzaileek (%45,58) zalantzak argitzera. Kontsultak egiten dituztenen %57,7a emakumezkoa da, %36,6a gizonezkoa eta %6ak bikoteka egiten dituztela kontsultak.
19-30 urte arteko herritarrek jotzen dute gehienbat zerbitzura, %32,35a hain zuzen. %28a 31-50 urte bitartekoek osatzen dute, %26,47a 14-18 urte artekoek eta %13,23a 51-65 urte bitartekoek. Askotariko gaien inguruan egin dizkiete herritarrek galderak, besteak beste, bikote harremanez; harreman erotikoez zein antisorgailu eta hernalketaz.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak gogoratu du 16 urtetik gorako pertsonek erabili ahal dutela zerbitzua. «Gure bizitzako edozein momentutan sexualitatea arlo oso garrantzitsua da eta batzuetan zalantza zein gabeziak ager daitezke. Beharbada, nabarmenagoa izan daiteke gazteengan, baina gurasook ere askotan ez dakigu nondik jo gure seme-alaben hezkuntza afektibo-sexualari dagokionez. Berdin gerta liteke irakasleekin eta baita zahartzaroan ere», dio.
Hezkuntza programak
Sexu aholkularitzaz gain, eskaintzen dituzte bestelakoak ere: gaiarekin lotutako zinema emanaldiak, bloga eta emaginarekin ere badute harremana. Berdintasun zinegotziak adierazi du hezkuntza programak ere jarri dituztela martxan ikastetxeetan. «Hezitzaileak ikastetxeetara joaten dira, ikasleekin saioak egiten dituzte eta uste dugu hurbiltasun horrek lagundu dezakela sexu aholkulari gunera hurbiltzen», azaldu du.
Esan du gai hori «behar den askatasun eta normaltasunarekin» ez dela jorratzen oraindik ere. «Lotsa eta beldurrak sortzen dira, eta erraztu nahi dugu bidea gazteak zerbitzura gerturatzeko». Horregatik, LH 4., 5. eta 6. mailetan; DBHn; erdi mailako zikloetan zein Lanbide Hastapenko eskoletan eskaintzen dute zerbitzua. Orain, gainera, Batxilergora zein Goi Mailako zikloetara ere zabalduko dute.