PSE-EEko Patxi Elola, Ezker Anitzako Mariana Aranburu, EAJko Imanol Lasa eta PPko Maria Jose Lafuente (Amaia Ventas/Hitza)
Iturria: Zarauzko Hitza
Zarauzko EAJ, Ezker Anitza, PSE-EE eta PP udal taldeek Udal Gobernuak TAOren inguruan abiatu duen parte hartze prozesua «iruzurra» dela salatu dute. Haien arabera, Udal Gobernuaren proposamena soilik ari dira aurkezten auzoz auzo, oposizioak zein bestelako eragile sozialen planteamenduak «baztertuz». Hori dela eta, prozesu horrek «benetako partaidetzarekin zerikusirik ez» duela nabarmendu dute. Horren aurrean «oker hasitako bidea zeharo zuzen» dezan eskatu diote, «emaitzen informazioa erraztuz, bereziki ekonomikoa, eta gainontzeko proposamenak parte hartze prozesuan tokia izan dezaten bermatuz».
«Itxurazko parte hartze prozesua» dela nabarmendu du PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak, «guztiek» ez dutelako prozesu horretan iritzia emateko aukerarik: «Beren proposamenekin eta akatsekin herritar batzuengana jo nahi dute, ez denena. Prozesu faltsua da hori, lotsagarria. Herritarrei barre egiten ari dira, guri barre eginez».
«Nola da posible garai hauetan parte hartze prozesu batean oposizioaren ekarpenak ere herritarrei ez helaraztea?», galdetu du Imanol Lasa EAJko bozeramaileak. Haren arabera, ez da «benetako» parte hartze prozesua: «Udal Gobernuak herritarrengana zuzenduta egindako komunikazioa da ». Udal Gobernua TAOren inguruko herri eztabaida «desitxuratzen» saiatzen ari dela kritikatu du Mariana Aranburu Ezker Anitzako bozeramaileak. Aparkaleku arautuen eredua Udal Gobernuaren babesarekin «soilik» onartu zela gogoratu du, «alkatearen kalitatezko botoari esker».
EAJk, Ezker Anitzak, PSE-EEk eta PPk herritarren parte hartzean «sinesten» dutela dio PPko Maria Jose Lafuentek, baina beti ere «zorroztasun juridikoan» oinarrituta. Herritarrentzat emaitza onak lortzeko, hori zaindu behar dela dio.
Emaitza «kaskarrak»
«Inposatutako» eredu horrek «emaitza kaskarrak» izan dituela gaineratu dute eta horren kudeaketa «deskalabru hutsa» izan dela: «Txartelak banatzeko prozesua onargarria ez den kaosa izan zen, eta sistema indarrean sartzeko epea behin baino gehiagotan atzeratu zen planifikazio faltagatik». Era berean, TAOren erregulazioan «etengabe» egindako aldaketek «fundamenturik ez» dutela gaineratu dute: «Herritarrak behar bezala informatu gabe eta legalki ordenantza aldatu gabe egin dute». Horrek gainontzeko alderdi politikoen «zalantza eta haserrea» piztu du, herriari «itxura txarra» emateaz gain.
Bestalde, hainbat aparkaleku eremu hutsik egon direla eta daudela ohartarazi dute Aranburuk, Elolak, Lafuentek eta Lasak. Salberdingo eta DIA supermerkatuaren aurreko aparkalekuak eta San Pelaio eta Araba kaleko errotazio altuko guneak jarri dituzte adibidetzat. Gainera, salatu dute Udal Gobernuak ez dituela Udalbatzak onartutako erabakiak betearazten, TAO begirale postuak betetzeko lan poltsa publikoa zabaltzeko, esaterako.
Egindako eskaria bete ezean, TAOri buruzko ez ohiko pleno monografikoa antolatzeko exijituko dio oposizioak Udal Gobernuari.