Proiektuaren kostua 2.110.657 eurokoa da, eta Aldundiak 600.000 euro jarriko ditu. Obrak udazkenean hasiko direla aurreikusten da.
Denis Itxaso eta Xabier Txurruka obren hitzarmena sinatzen. (Hitza)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Zarauzko Udalak aurreko astean jakinarazi zuen Aritzbatalde kiroldegia handitzeko proiektua onartu berri duela. Kiroldegiko kantxa eta Zarauzko oinarrizko kirol ekipamenduak txiki geratu direla adierazi zuen, praktika maila altua dela eta. Azken urteotan, Lizardi institutuaren eta Aritzbatalde kiroldegiaren arteko patioa estaltzeko hainbat eskaera jaso ditu udalak. Honen harira, kirol ekipamenduen oinarrizko sarea hobetzeko erabakia hartu berri du.
Aritzbataldeko polikiroldegi ondoko kantxa estalia eraikitzeko lanak udazkenean hasiko dira. Obraren aurrekontua 2.110.657,77 eurokoa (BEZ barne) da, baina udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostasun batera iritsi da eta 600.000 euroko diru laguntza jasoko du. Gaur sinatu dute hitzarmena Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kiroleko Diputatuak, Zarauzko udaletxean.
Bai Udalak bai Aldundiak proiektu honen beharra azpimarratu dute. Kirol ekipamenduak eraiki eta hobetzeko lanak ez dira Zarautzen soilik izango; izan ere, Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eragiten die. 53,8 milioi euroko inbertsioa egingo da guztira, eta Aldundiak, 10,6 milioi euroko laguntza eman du.