Atzo egin zuten iraileko osoko bilkura; saioa hasi aurretik bi herritarrek hartu zuten hitza, eta, jarraian, Imanol Urbieta zenaren omenez, ‘Txoria nintzela’ abestia jarri zuten udal batzar aretoan.
Udal Gobernu taldeko (EAJ eta PSE-EE) ordezkarien aldeko botoekin hasierako onespena eman zieten 2017ko Ordenantza Fiskalei, osteguneko udalbatzarrean; oposizioko bi alderdiek, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, aurka bozkatu zuten.
Aldaketa eta berrikuntza nabarmenenak:
- Hainbat tasek %0,7ko igoera izango dute; tasa sozialei ez zaie igoerarik aplikatuko.
- Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekargua %100eko izaten jarraituko du, baina aldaketak daude etxebizitza hutsak izendatzeko orduan finkatu ziren energia kontsumoaren parametroetan: 554tik 300era jaitsiko dute.
- Zaintza pertsonalak behar dituzten mendeko pertsonen jabetzako etxebizitzak hutsik geratzen badira, baina pertsona hori bere familiarekin bizitzera joan bada, salbuepen gisa ez zaio errekargurik aplikatuko.
- Plusbalioa %12tik %10era jaitsiko da. Uztailean katastroa balio jaitsi zuten, eta batez besteko antzekoa jaitsiko dute honetan ere.
- Familia errenta estandarizatuaren kontzeptua –familia mota ezberdinak, seme-alaben kopurua, ezgaitasuna dutenak eta abar– hartuko dituzte kontuan hobarietan; hauek %90era irits daitezke.
- %60ko hobaria izango dute auto ekologikoek (ibilgailu elektrikoak, elektriko-hibrido entxufagarriak eta halakoak); %40ko hobaria ibilgailu hibridoetan eta gasezkoetan.
- %3ko tipoa sortu dute erabilera publikokoak diren baina gune pribatutan egiten diren obretarako.
- Hainbat gizarte zerbitzuren tasak jaitsiko dituzte. Indarkeria matxista jasaten duten emakumei zuzendutako harrera apartamentuak ez dira ordaindu beharko, ez dute tasarik izan.
Irabazi Zarautzek boto partikularra aurkeztu zuen, zenbat aldaketa eta ekarpen proposatuz Udal Gobernuak aurkeztutako ordenantzetan, baina ez zen onartu. EH Bilduren babesa izan bazuen ere, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Oposizioko bi alderdiek, besteak beste, zerga eta tasak izoztearen alde agertu ziren.