Beste kontzeptu batzuk zehaztu dituzte Ongizate departamentuan, eta horientzako diru laguntza berri bat sortu dute.
Herriko familiei oinarrizko hainbat gastutan laguntze aldera, Ongizate departamentuak aurten ere eskolako materialen inguruko diru laguntzak emango ditu. Aurten, gainera, hainbat hobekuntza eta berritasun izango ditu. Irailetik aurrera egin ahal izango dira eskaerak, baina erosketako tiketak gordetzea garrantzitsua dela gogorarazi du Ongizate zinegotzi Gloria Vazquezek. Hain justu ere, «hurrengo ikasturteari begira, erosketa gehienak udan egiten dira».
Diru laguntzen barruan sartuko dira, aurreko urteetan bezala, ikasturtean erabiliko den eskola materiala, kirola egiteko oinarrizko arropa eta klubeko kuota. Aurten, gainera, liburuetan egiten den gastua ere barneratuko dute. Hainbat ikastetxetan eta mailetan liburuen gastua «izugarria» dela azaldu du Vazquezek: «Adibidez, batxilergoan liburuak erosi egin behar dituzte, eta liburuen gastua ikasle bakoitzeko 200 euro baino gehiagokoa izan daiteke«. Liburuen mailegu sistema gero eta gehiago erabiltzen bada ere, oraindik hainbat familiak erosi egin behar dituztela gaineratu du.
Diru laguntzak emateko orduan aurten familiako kideen kopurua ere kontutan hartuko dutela nabarmendu du Vazquezek: «Kontzeptu hori kontutan hartzea funtsezkoa da, ez baita gauza bera 1.500 euroko diru sarrera edukitzea, etxean hiru kide izanda ala bost».
Diru laguntza berri bat
Eskola materialaz gain, beste kontzeptu batzuk zehaztu dituzte, eta horientzako diru laguntza berri bat sortu dute. Bertan honakoak sartuko lirateke: batetik, goi mailako ikasketak egiteko gazteek egiten dituzten desplazamenduak, Espainiako Estatuko edozein unibertsitatera edo goi mailako heziketa zikloetara joateko. bestetik, guraso bakarreko familiek umeak zaintzeko norbait kontratatzeko, edo kontratazioak egiteko hainbat kasu berezitan, aita eta ama egonda ere. Azkenik, etxeko mantenurako gastuetan ere lagunduko ditu familiak: «Horretarako, pobrezia energetikoa kontzeptua sartu dugu, eta argia eta gasa ordaintzen lagunduko dugu. Baita udal tasak ordaintzeko ere; ura eta zaborra, alegia«.
Ekonomikoa izango da diru laguntza hauek emateko irizpidea. Ongizate departamentuaren asmoa da RGI eta AESen gainetik gelditzen direnak, baina diru sarrera baxuak dituzten familiei laguntzea krisi garaian. Diru laguntza berri honetarako 150.000 euroko partida bideratuko dute.