PSE-EE, EH Bildu eta EAJ alderdiek aurkeztutako mozioa aho batez onartu dute aste honetan Gasteizen
Lehorreratzea. Elkano eta bere mariñelak eginiko bidaia gogoratzen duen irudikapena. / AMAXKAR
Argazkia eta iturria: Diario Vasco
2019. urtean Juan Sebastian Elkano getariarrak munduari bira eman zioneko 500. urteurrena ospatuko da. Getariako Udala data garrantzitsu horren prestaketan dabil. Testuinguru honen inguruan aste honetan bertan mendeurrenak bultzada eta babes garrantzitsua jaso du Eusko Legebiltzarraren eskutik.
Alderdi sozialistaren iniziatibaz, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEk elkarrekin adostutako mozioa jarri zuten mahai gainean. Aurkeztutako mozioak Legebiltzarreko alderdi guztien babesa jaso zuen. Gaiak Getariarentzat duen garrantziaz jabeturik Udaleko ordezkaritza bat, alkatea buru, bertaratu zen Legebiltzarrera eztabaida jarraitzera.
Bozketaren emaitza ikusita, Nika Lertxundi alkateak Udalaren poztasuna agertu zuen, urteurren honen garrantzia nabarmentzeaz gain talde politiko guztiek adostasunez onartzearen garrantzia bera azpimarratuz. Aurrerantzean, 500. urteurrenaren prestaketetan instituzio ezberdinekin landu beharreko elkarlanak oinarri sendoa jarri duelako uste osoa azaldu du.
Mozioa
Legebiltzarrean aho batez onartutako mozioak honela dio:
1. Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko V. Mendeurrena ospatzeko, ekimen hau oroitzeko programa bat egin dezala, Getariako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Getariak, Gipuzkoak eta Euskadik Europan eta munduan aitortza lor dezaten.
2. Partekatu daitezela ekimenak zirkumnabigazioarekin zerikusia izan zuten herriekin, eta bultza ditzala programatzen diren ekintzak, UNESCOren Munduko Ondarearen zerrendan Magallanes-Elkanoren ibilbidea barneratuz.
3. Has dadila beharrezkoak diren kontaktuak bideratzen Estatuko, Europako edota Nazio Batuetako beste erakundeekin, aipatu ospakizunak inplikaturiko euskal erakunde guztien parte-hartzea berma dezan.
4. 2017tik aurrera ekimenari buruzko aurrekontu partida zehatza berma dezala.