Horrez gain, parke estaliaren proiektua egiteko aurrekontua %65eko igo dela dio PSE-EEk
Argazkia eta Iturria: Urola Kostako Hitza
Gai “oso larria” dela nabarmendu du PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak. “Motozerrarekin ala aizkorarekin, ez dakigu. Baina 33 zuhaitz bota, botako dituztela bai”. Zuhaitzok astigarrak dira, eta jolastokiaren alde bietan daude landatuta. “Zergatik bota behar dituzte zuhaitz horiek? Lehiaketa egin zenean, aurreikuspenik ez zelako egon”. Azaldu du “udalak ez beste inork ” Igeraingo lurra ez zutelako kontuan izan, eta ez zutela azterketa geoteknikorik egin : “Edozein lekutan edozer gauza egin aurretik, beti egin behar da azterketa hori, lurra nola dagoen eta horrek ondoren egingo duten eraikuntzari nola eutsi diezaioken jakiteko”. Proposamena eta lehiaketa egin aurretik ohartarazi zuela esan du PSE-EEko bozeramaileak: “Esan nuen kontuan izan behar zela parkea zuhaitzez inguratuta dagoela, ekipamendu ezberdinak dituela… Horrek guztiak baldintzatzen zuela proiektua”.
Haren arabera, orain azterketa geoteknikoa egin da lehiaketa irabazitako proiektua aurrera eraman ahal izateko, eta bertan ikusi dute egitasmoa “ezin” dela hasieran planteatu bezala egin. Eta ondorioz, 33 zuhaitz botako dituztela. Ondoren, 17 zuhaitz berri dira landatzekoak. “Baina besteak galdu egingo dira”.
Duela zortzi urte Igerain parkea egiterakoan 38 zuhaitz—hamar aranondo eta 18 urki— birlandatu zirela gogoratu du: “Orduan posible izan bazen, zergatik gaur ez? Nik uste dut pena merezi duela saiatzea”. Elolak dio orain, ordea, ez dela zuhaitzak landatzeko garaia, negua, baizik. “Baina hauteskunde bezperetan gaude eta gauzak berehala egin behar dira”. Iaz Nafarroa kaleko biribilgunea egiteko 34 zuhaitz—tartean 100 urteko palmondo bat—eraitsi zituztela gogoratu du Elolak. “Hor ere erakutsi zuten Mikel Goenaga Herrilan zinegotziak eta Udal Gobernuak ingurumenarekiko duten sentsibilitatea”.
Aurrekontuaren igoera
Parkea estaltzeak 220.000 euro kostako zuela aurreikusi zuten hasieran. “Normala izaten da gerora, aurrekontuan gorabeherak izatea; portzentaia txiki baten alde egoten da behin behinekoa eta behin betikoaren artean. Baina, kasu honetan, ezusteko galanta horren ondorioz %65 igo da aurrekontua”. 363.000 eurokoa da orain, Elolaren esanetan. Nafarroa kaleko biribilgunearekin “gauza bera” gertatu zela ohartarazi du: %33ko igoera izan zuen. “Herritarren diruarekin jolasean ari dira”.
Horregatik guztiagatik, proiektua berraztertzeko eskatu du, behar diren aldaketak egiteko eta aurrekontua hasierako kopuruetara egokitzeko.