Martxoko udalbatzarrean erabaki zuten EH Bilduk eta PPk TAO kontratua luzatzea; EAJk, PSE-EEk eta Ezker Anitzak epaitegietara eramango du erabakia
Argazkia eta Iturria: Urola Kostako Hitza
Zarauzko EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitzak «oso larritzat» jo du udalak TAO kontratua luzatu izana. Martxoko osoko bilkuran EH Bilduk eta PPk babestu zuten erabakia, eta gainontzeko hiru alderdiek kontra bozkatu zuten. Horiek jakinarazi dutenez, TAO kontratua 2006ko irailaren 26an sinatu zuten erakundeak eta esleitutako enpresak, lau urterako. Urtez urte hori luzatzeko aukera ere adostu zuten, gehienez zortzi urteko epearekin.
Zortzi urte horiek pasatuta, beste sei hilabetez esplotazioarekin jarraitzera derrigortuta zegoen enpresa. «Horrek esan nahi du kontratuak zortzi urte eta sei hilabete iraun zezakeela gehienez. Baina EH Bilduk eta PPk luzatzea erabaki dute, teknikarien ohartarazpenei entzungor eginez», diote hiru alderdiek.
Izan ere,kontratua luzatzearen aurkako bi txosten daudela ohartarazi dute, bata udaleko idazkariak eta administrazio orokorreko teknikariak sinatuta eta bestea kontu hartzaileak sinatutakoa. EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitzako ordezkarien arabera, idazkaritza eta fiskalizazio txostenean «hitzez hitz» jaso dute kontratu hori «ezin» dela luzatu, eta «lizitazioari kontratua amaitu aurretik jo behar zitzaiola, udal zerbitzuek ahalik eta kalte gutxien izan zezaten». Kontu hartzailearen txostenak, berriz, luzapenak «adostasun juridikorik ez» duela diote EAJk, PSE-EEk eta Ezker Anitzak, eta lizitazio prozesu berria egin behar zela.
Hain zuzen, hiru alderdiek Udal Gobernuari leporatu diote «legea urratu izana nahiz eta idazkariak udalbatzarrean txostenak ozen irakurri». «Ez zuten atzera egin guk hala eskatu arren, ezta alternatibak eskainita ere, hala nola Udaltzaingoak zerbitzua modu probisionalean hartzea. Gertaera oso larria eta salagarria da, prebarikaziotik oso gertu dagoena. Are gehiago kontuan hartzen badugu Mikel Goenaga zinegotzi arduradunak udalbatzarrean bertan onartu egin zuela erabakia ez zela zuzena».
Erabakia, epaitegietara
«Kudeaketa arduragabe, axolagabe eta inposatzailearen hamaikagarren adibidetzat» jo dute hori EAJk, Ezker Anitzak eta PSE-EE, eta ondorioz Udal Gobernuak «sinesgarritasuna» galdu duela nabarmendu dute: «Gobernu taldea eta alkatea dira legeak eta ordenantzak bete eta betearazteko arduradun nagusiak. Nolako zilegitasuna du zarauztarrak zigortzeko eta haiei isunak jartzeko legea bera komeni zaionean urratzen duen gobernu batek?».
Horren aurrean hiru alderdiek «arduraz» jokatzeko konpromisoa hartu dute. Hala, Udal Gobernuaren kontrol lana bermatzeko, azken udalbatzarrean hartutako erabakia epaitegietara eramango dute, horrek «legearen araberea hartu beharreko erabakiak har ditzaten».