Iturria: Urola Kostako Hitza
Zarauzko PSE-EE alderdiak Bilduren Udal Gobernuari eskatu dio Ehuntzen-en bitartez publizitate kanpaina igortzeari utzi diezaiola, «hauteskunde legea erasotzen duelako».
PSE-EEren arabera, «koalizioa diru publikoa erabiltzen ari da hauteskunde kanpaina egiteko», eta horrek hauteskunde legea urratzen duela salatu du. «Eskualdeko hainbat hedabidetan udalaren logotipoarekin eta Ehuntzen kanpainarekin zabaltzen dituzte bideoak, gobernuaren ustezko lorpenak saltzeko», adierazi dute.
«Baldintza berdinetan»
Alderdiak gogoratu du Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak eta Hauteskunde-Batzorde Zentralaren 2/2011 arauak galarazi egiten duela «hauteskunde epean zehar» edozein komunikabidetan erakundeen kanpainak igortzea. «Martxoaren 31n Estatuko Aldizkari Ofizialean hauteskundeen deialdia argitaratu zenetik debeku hori indarrean dago, talde politiko guztien lehia baldintza berdinetan izan dadin ziurtatzeko».
Hori hala izanik, Zarauzko PSE-EEk Bilduri exijitu dio «publizitate kanpainarekin» amaitu dezala. Halaber, «kanpainarekin» jarraituz gero, Hauteskunde-Batzorde Zentralean kexa bat sartuko dutela jakinarazi dute sozialistek, «zarauztarren hauteskunde eskubideak bermatu ditzaten».