Agerraldia egin du gaur eguerdian Gipuzkoako PSE-EEko ahaldungai Denis Itxasorekin
Argazkiak eta iturria: Urola Kostako Hitza
Musika Plazan egin dute PSE-EEko ordezkariek agerraldi politikoa. Denis Itxaso Gipuzkoako PSE-EEko ahaldungaiak nabarmendu du plaza horretan dituela “lehenbiziko oroitzapen politikoak”; 1991ean Euskadiko Ezkerrako hitzaldi batean egon zela Musika Plazan. Esan du ordutik maite duela herria eta baita PSE-EEk duen tradizio handia. Aldarrikatu du Urola Kostan “aldaketaren giltza” PSE-EEk duela. “PSE-EEk islatzen du inork baino hobeto euskalduntasun integratzailea eta politika erabilgarria”. Nabarmendu du Zarautzen sozialistak “balore segurua” direla, eta “progresista eta ezkertiarrak sentitzen diren herritarrei” esan die Gloria Vazquez eta bere taldea dela Zarautz aurrera ateratzeko “bermea”. Gaineratu du ez duela “zerikusirik” ezker abertzalearekin: “Ikusi dugu azken lau urteotan zer-nolako politika eraman duen aurrera eta nola kudeatu duen aldundian zein udaletan, eta ez gatoz bat horrekin”. Zarautzen ere herritarren nahia “baztertu” egin du EH Bilduk, Itxasoren arabera. Zentzu horretan, PSE-EEk gizartea aldatuko duela gaineratu du, badakiela kudeatzen eta baita proiektuak aurrera ateratzen ere.
Gloria Vazquez Zarauzko PSE-EEko alkategaiak esan du Itxaso “Gipuzkoako alkate” denean, mahai gainean jarriko dizkiola Zarauzko hainbat premia. Besteak beste, A-8 autobideko saihesbidea. “Nafarroa kaleko trafikoari irtenbidea eman behar zaio, agintaldi honetan eraiki duten biribilguneak ez duelako konpondu”. Horrez gain, beste hainbat proiektu ere badaudela ohartarazi du, kultur azpiegituren beharra, kasu.
Itxasok bezala, adierazi du agerraldia Musika Plazan egiteko gogoa zuela, plaza hori herritar guztien gunea delako. “Zarauzko PSE-EEk proiektu anitza eta aurrerakoia defendatzen du. Hori jaso dugu geure programan eta etxe guztietara banatu dugu. Pentsatzen dugulako gardentasuna eta informazioa garrantzitsuak direla. Garen bezala aurkeztu gara zarauztarren aurrean, gure proposamenak argi eta garbi azaldu dizkiegu”. Proposamen horiek aurrerakoiak direla dio, integratzaileak, ezkertiarrak. PSE-EE alderdi elebiduna dela gaineratu du, eta herritar guztien eskubideak defendatzen dituela.