Iturria: Urola Kostako Hitza
Gloria Vazquez aurkeztu da gaur alkategai izateko. PSE-EEk prozesu bat abiatuko du alderdi barruan datozen udal hauteskundeetan alderdi sozialista ordezkatuko duen hautagaia aukeratzeko. Azaroaren 20an egingo dituzte hauteskunde horiek, eta azaroaren 22an jakingo dute zein den alkatetzara aurkeztuko duten behin betiko PSE-EEko hautagaia.
Oraingoz Vazquez aurkeztu da primarioetara. Adierazi du “Zarautzen alde lan egin nahi” duelako aurkeztu dela, “proiektu sozialista bat lideratu nahi duelako” udalerrian. Errenterian jaio zen arren, “zarauztarra sentitzen” dela nabarmendu du, duela 20 urtetik bizi delako Zarautzen eta bere seme-alabak bertan jaio direlako. Jakinarazi du “ilusioz eta indarrez beterik” datorrela, “apaltasunez” baina Zarauzko PSE-EE ordezkatzeko “harrotasunez”. “Lan egiteko gogoarekin”.
Egun Zarauzko taldeko idazkari nagusia da Vazquez. “Talde euskalduna eta euskaltzalea da, ibilbide historikoa egin duena, jarduera kultural eta politikoz betea. Zazpin bere bihotza duena. Talde honetako militanteok urte luzez irmo mantendu gara, terrorismoari aurre egiten, beldurraren gorabehera, atentatuen kontrako elkarretaratzetan, inoiz ahotsa isildu gabe”. Haren arabera, “talderik onena” aukeratuko du, aurkeztu da Vazquez.
“Eskarmentu handia”
Udala “ongi ezagutzen” du Vazquezek, eta “esperientzia handia” du. “Zarauzko Udaleko zinegotzia naiz 2007. urtetik. Legealdi horretan PSE-EEk koalizio gobernuan hartu zuen parte eta ni hezkuntzako eta Agenda 21eko arduraduna izan nintzen”. Irakaslea eta Biologian lizentziaduna da, eta horrenbestez bi ardura “gustura eta zuzentasunez” eraman zituela nabarmendu du. Zentzu horretan, hainbat ekimen martxan jarri zuela gogoratu du. “Oso polita izan zen haur eskola berria bukatuta ikustea, bidegorri sarea betetzea, besteak beste”.
Egun zinegotzia da, eta Patxi Elola eta Irma Domingorena kideekin batera euren proposamenak aurrera ateratzen “gogor lan egiten” dutela gaineratu du. Horrez gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea ere izan da, baina kargua utzi zuen bere jarduera profesionalaz arduratu eta Zarautzen “alde hobeago” egin ahal izateko.
Askotariko ekimenak sortu, proposamenak egin eta arazoei konponbideak emateko “gaitasuna” duela nabarmendu du: “Ikuspegi ezkertiarrarekin finkatzen ditut lehentasunak”. Lehentasun horien artean, iraunkortasuna da Vazquezentzat “funtsezkoa”. Iraunkortasuna, hiru arlotan: ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Batetik, ingurumena zaintzea “beharrezkoa” da hautagaiarentzat. “Hiri hondakinak jasotzeko sistema baino askoz gehiago da hori. Ingurumena zaindu behar dugu bizirik irauteko eta bizi kalitateaz gozatzeko”.
Bestetik, gizarte-ongizatea mantendu eta defendatzea “funtsezkoa” da: “Sozialistok urteetan zehar garatu dugun gizarte-ogizatea arriskuan dago eta ezin dugu atzera pausorik onartu. Guztiontzako eta kalitatezko udal zerbitzu publikoak bermatu behar ditugu: herri eskolen eraikinak egoera ezin hobean mantenduz, helduentzako arreta sustatuz, gazteriaren beharrak asetuz, babes ofizialeko etxebizitzak sortuz…
“Ezinbestekoa” da, era berean, ekonomia berpiztu eta langabeziaren kontrako neurriak hartzea, merkatari eta herriko enpresa txikiei lagunduz. “Gehiago dutenek gehiago ordaindu behar dutela defendatzen dut. Inor baztertuta gera ez dadin”. Zarautz herri “pribilegiatua” dela dio Vazquezek, “bizi kalitate ona” duelako. Krisia dela-eta, ordea, herritar asko “gaizki pasatzen” ari direla gogoratu du, eta konponbideak jarri nahi ditu mahai gainean. “Egin daiteke eta egin behar dugu”. ”Beharrezkoak ez diren gastuak ekidin” behar dira horretarako, Vazquezen arabera. “Batez ere, gobernuan dagoen talde politikoak ezin du bere propaganda politikoa zarauztarren diruarekin ordaindu. Herritarron dirua arduraz eta gardentasunez kudeatu behar da”. Iraunkortasunaz gain, bizikidetza eta gardentasun printzipioek gidatzen dute PSE-EEko hautagaiak. “Bizikidetza, politika desberdinen arteko hurbiltasuna lortzeko. Eta gardentasuna herritarrek euren dirua zertan erabiltzen den jakin behar dutelako”. Horregatik, “politiko ustelen lekua kartzela” dio, “argi eta garbi”. “Ilusioa, esperientzia, lan gaitasuna, jakintza eta zintzotasuna” du Vazquezek, eta baita “idealismoa” ere. “Beharrezkoa da helburuak eta printzipioak bistan mantentzeko”. Era berean, “oinak lurrean” dituela nabarmendu du, “lurrean daudelako pertsonak eta erronkak”. Erronka, hain zuzen, herritarrak direla dio. “Arazoei konponbidea ematea, zerbitzu publikoak hobetzea eta Zarauzko Udala kudeaketa gardena, irekia eta integratzailearen eredu bihurtzea, zarauztar guztien eskutik”.