Iturria: UrolaKostakoHitza
Legegintzaldi hasieran eskatu zuen alderdi sozialistak A-8 autobideak eragiten zuen kutsadura akustikoaren kontrako neurriak hartzeko. Batez ere, Itxasmendi eta Azken Portu Goia babesteko galdegin zuen, mozio bidez Zarauzko Udalean zein Gipuzkoako Batzar Nagusietan. “Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azterketa tekniko batean oinarrituta egin genuen eskaera”, argudiatu dute Zarauzko PSE-EEko ordezkariek. Horien arabera, hainbat neurri jaso zuten azterketa horretan, eta besteak beste, Itxasmendi parean panel akustikoak jartzea gomendatzen zuela. Era berean, zehazten zuen horiek Azken Portu Goian ez zirela eraginkorrak izango, eta bestelako neurriak hobesten zituen gune horretarako.
“Baina ulertezina dena egin du aldundiak: Azken Portu Goian jarri ditu panelak eta Itxasmendin ez du ezer egin”, salatu dute. “Hobeto legoke Azken Portu Goian panel horiek jartzen gastatu den dirua Itxasmendin erabili izana. Izan ere, etxebizitzez gain, hiru eskola ere badaude bertan. Gainera, azterketaren arabera, panel akustikoen eraginkortasuna bermatuta egongo litzake gune horretan”. Azken Portu Goian ere etxebizitzak eta eskola bat daude, eta bertako arazoa konpontzeko autobidea estali edo gisa horretako neurriren bat hartu beharko litzakeela dio azterketak, sozialisten arabera. “Panel akustikoak ez dira funtzionalak izango. Kutsadura akustikoaren arazoa oso nabarmena da auzo horietan eta irtenbide eraginkorrak eskatzen ditu. Asko atzeratu diren irtenbideak”, nabarmendu dute.
Saihesbiderako aurrekontua
“Neurri horiek hartzeak kostu handia duela? Eta non daude saihesbiderako gorde ziren 28 milioi euro horiek?”, galdetu dute: “Alkateak esan zuen diru kopuru hori Zarautzerako baliatuko zutela”. Hori dela eta, esan dute Udal Gobernuak “hobe lukeela” horren zati bat auzo horietan kutsadura akustikoa murrizteko baliatu balu.
“Ez dugu ikusi 28 milioi euro horiek Zarautzen inbertitu dituztenik”, gaineratu dute. Zentzu horretan, trafikoak herria zeharkatzen duela gogoratu dute, eta Nafarroa kaleko biribilgunea herritar guztiek ordaindu dutela: “Trafikoak eragiten duen zarata pairatzen jarraitzen dugu”.