Iturria: Urola Kostako Hitza
“Urte erdia falta da legealdia amaitzeko, eta oraindik Aldapetako babes ofizialeko etxebizitzak hasi-masitan daude”. Zarauzko PSE-EErentzat “ezinbestekoa” da herritarrei halako etxeak (erosteko zein alokairurako) eskaintzea krisi garaiotan. “Ikuspegi ezkertiarretik horrek lehentasuna izan behar du. Gazte zarauztarrek udalerrian bizitzeko aukera izatea nahi dugu, baina egungo prezio eta alokairuekin ezinezkoa da”.
Aldapetako proiektua pasa den legealdian hasteko puntuan zela gogoratu dute PSE-EEko ordezkariek. “Obrek 2012ko uztailean hasi behar zuten. Baina 2011ean EH Bildu gobernura heldu zen, eta obra gelditu zuen. Urrian gaude eta oraindik ez dute behin betiko proiektua onartu”, salatu dute. “Hiru urte eta erdian proiektu hori lehenesteko esan diogu EH Bilduri, eta gure konpromisoa azaldu egitasmoa babesteko”.
PSE-EEk dio legealdi amaieran EH Bilduk erabaki duela sustatzaile pribatu bati ematea Aldapetako proiektua egiteko ardura. “Horren aurrean, ezezko borobila esan dugu. Guk uste dugu proiektu honek, kokapenagatik eta irisgarritasun arazoengatik, mimo berezia behar duela. Hori guztia sustatzaile publiko batek bermatuko luke”.
Udal Gobernuak Aldapetako proiektua “eskura” zuela nabarmendu du alderdi sozialistak, eta ez dela “gai izan” martxan jartzeko. “2012an abiatu behar zuten proiektua. Orain, legealdia amaitzen ari den honetan, proiektua enpresa pribatu bati ematea beste irtenbiderik ez zaie geratu. Horrekin bermatuko al da etxebizitza tasatuen prezioa ahalik eta baxuen izatea?”.
Etxebizitzez gain, Aldapetako proiektuaren barruan igogailu bat egitea aurreikusita dagoela gogoratu du PSE-EEk. Horren helburua Vista Alegreko bizilagunen irisgarritasuna hobetzea da. Alderdi horretako ordezkariek nabarmendu dute “hasieratik” eskatu diotela udalari neurriak hartzeko auzo horretako irisgarritasuna bermatzeko. “Orain EH Bilduk erabaki du igogailua auzo erdiraino soilik egitea, autobusa Vista Alegre goraino iristen dela argudiatuz”. Hori dela eta, irisgarritasun azterketa egiteko eskatu zuten sozialistek, eta “oraindik” ez dutela egin salatu dute.