Iturria: Urola Kostako Hitza
“Sozialista euskaldunok erabaki judizialak errespetatzen ditugu beti”, nabarmendu dute Zarauzko PSE-EEko ordezkariek. Hori dela eta, “egingo diren inputazioen arrazoiak ezagutu aurretik” ez dutela Herrira-ren aurka duela astebete egindako sarekada “epaituko” adierazi dute: “Gogoratu beharra dago ETAko presoak babesten zituen beste bi elkarte—Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna— legez kanpo zituztela, eta ondorioz, justiziari dagokiola orain Herrira horien ondorengoa den ala ez eta erakunde terrorista babesten duen erakustea”.
“Apirilean, esaterako, ETAko buruzagi ohi Thierry-ri omenaldia egin zioten. Horrek erakusten du ETAgandiko urruntzea ez dela erabatekoa oraindik”, ohartarazi dute. Ildo horretatik, PSE-EEren arabera, epaileari dagokio Herrira-k “legez kanpoko jarduerak” egiten zituen ala ez egiaztatzea. Ordura arte Zarauzko PSE-EEtik adierazi dute justiziaren erabakia “zehatz-mehatz” errespetatu behar dela. Era berean, “ahalik azkarren” joka dezan eskatu dio horri. “Hau ez da ezkutatzeko modu bat; hain zuzen, uste dugu garrantzitsua dela demokrazia aldarrikatzea. Era berean, “ETAk erabateko desegitea aldarrikatuko balu, halako operazioek ez lukete zentzurik izango”, gogoratu dute: “Nahiz eta atentatuekin eta estortsioarekin amaitu duen, bere iraganaz harro jarraitzen du, eta jarrera horrek bere ingurukoak kutsatzen ditu”.