Patxi Elolak eta Gloria Vazquezek Araba kaleko bidegorria egiteko eskatu dute
Argazkia (Amaia Ventas): Patxi Elola eta Gloria Vazquez Zarauzko PSE-EEko zinegotziak, Araba kaleko bidegorrian.
Iturria: Urola Kostako Hitza.
Zarauzko PSE-EEko ordezkariek gogor kritikatu du pasa den asteazkeneko Osoko Bilkuran onartutako bizikleta bideen eta azpiegituren plan berezia. Haien arabera, “azken unean” egin du Udal Gobernuak hori, “presaka” eta “gaizki”. Patxi Elolak gogoratu du PPren babesarekin atera zela aurrera plana, eta EAJk, Ezker Anitzak eta eurek ere kontra egin zutela. Horren arrazoia azaldu du Elolak. “2007-2011 agintaldian gobernukideok, guztiok plana osatu genuen. EH Bildu heldu zenean hori hartu eta goitik behera aldatu zuen”. Udal Gobernuak errepideak “marrez pintatu” dituela dio, eta “gutxik” dakitela zertarako diren. “Kaotikoa da egungo bizikleta sarea”.
Gloria Vazquezek aitortu du “agian arraroa” egingo zaiela herritarrei PSE-EEk plan berezi horren kontra bozkatu izana, jakinda aurreko agintaldian eurek bultzatu zutela bidegorri sarearen proiektua. Baina arrazoi garrantzitsu bat dutela nabarmendu du: “Plana lardaskeria bat da”. Aurreko agintaldian, Gea21 enpresarekin landu zuten proiektua, eta agintaldi bukaeran hori martxan jartzea “besterik ez” zela falta ohartarazi du Vazquezek. “EH Bildu gobernura heldu zenean, ordea, guztia gelditu zuen eta urteak eman ditu hori berraztertzen”. Vazquezen arabera, aurreko egitasmoa “hankaz gora” jarri zuen Udal Gobernuak eta errepideak margotzen hasi zen: “Arriskutsua da hori. Autoek ez dakite nondik joan behar duten eta bizikletentzat ez da segurua”. Ohartarazi du Gea21ek jarritako irizpidea dela bizikletak errepidetik gidatu behar dutela, eta horretarako hainbat egokitzapen egin behar direla. “Trafikoa mantsotu behar da, seinalizazio egokia jarri eta mugikortasun jasangarria bultzatu, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emanez”.
Araba kaleko auzia
PSE-EEko alkategaiak, Vazquezek Araba kalean bidegorria egiteko eskatu du. Biribilgune aurreko bidegorria luzatzeko Orokietaraino, hori ondoren Maria Etxetxiki kalekoarekin lotu ahal izateko. Ohartarazi du aurrekontuetan horretarako partida bat bazegoela, baina Udal Gobernuak San Inazio kalean bidegorria egiteko erabili zuela hori. “Badakigu han ere egokitzapenak egin behar zirela, baina ez zen lehentasuna”.