Udalak 86.600 euro eman dizkie herriko hamar gobernuz kanpoko erakunderi lankidetza proiektuetarako
MSH elkarteak gaitasun urria duten gazteekin egiten du lan. MSH
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Udalak hamar Gobernuz Kanpoko Erakunde lagundu ditu diruz aurten: 3. Adina 3. Mudurakoa; Ori-Zautz; Palenqueko Lagunak; Frantziskotarrak; Tximelagua; Acoes; MSH Mundu Solidarioa Helburu; Proyde-Proega; Rokpa elkarte eta Salvamento Maritimo Humanitario. Lehenbizikoak 9.917 euro jaso ditu Guatemalan informatika gaietan emakume eta umeekin genero berdintasuna lantzeko; Ori-Zautzek 10.245 euro Ruandako emakumeen lanbide heziketa zentroko instalazioak hobetzeko eta Palenqueko Lagunak elkarteak 10.245 euro, besteak beste, Ekuadorreko nekazal kooperatiba indarberritzeko.
10.211 euro eman dizkio erakundeak Frantziskotarrak elkarteari El Salvadorren kirol eta kultura jarduerak zein nekazal ustiapena martxan jartzeko eta Tximelaguari zein Acoesi, bakoitzari 10.245 euro, hurrenez hurren, Nikaraguan fisioterapia materiala zein gela prestatzeko eta gazte indigenen zentroentzat ibilgailua eta formazioa eskaintzeko. MHS elkarteak eta Proyde- Proegak ere zenbateko bera jaso dute. Lehenbizkoak gaitasun urrituak dituzten gazteen integrazion laguntzeko baliatuko du diru hori eta bigarrengoak, berriz, Paraguayko zentroa argindarrez hornitzeko.
Halaber, 5.000 euro bideratu ditu larrialditarako. Hala, 2.500 euro jaso ditu Rokpa elkarteak Nepaleko lurrikaran kaltetuei laguntzeko eta beste 2.500 euro Salvamento Maritimo Humanitariok, Siriako errefuxiatuei laguntzeko.
Horren guztiaren berri emango dute GKE horietako ordezkariek ostegunean, Etxezabalan 19:00etatik aurrera.