Aurrekontuak onartzeko bozketa, atzo (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Udal Gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) proposatutako udal aurrekontuak onartu zituzten atzo iluntzean, EH Bilduren “baiezko kritikoarekin”; Irabazi Zarautz alderdiak, aldiz, ezezko botoa eman zuen. Modu horretan, 38.876.749, 37 euro izango ditu Zarauzko Udalak urte honetarako. Aurrekontuek hiru ildo nagusi dituztela adierazi zuen Ogasun zinegotzi Jesus Aranak (EAJ): “Herritarretan oinarritutakoak eta pentsatutakoak dira; lurraldea bere osotasunean bermatzen du, baita bere ingurumena ere; eta Zarauzko Udala instituzio bezala ere jasota daude”.
EH Bilduk “oposiziotik erakutsitako borondatea” eskertu eta aitortu zuten Udal Gobernuko kide Jesus Aranak (EAJ) eta Gloria Vazquezek (PSE-EE), eta garrantzitsutzat jo zuten euren proposamenak jasotako babes zabala; izan ere, 18 baiezko eta 2 ezezko izan zituen. “Baiezko kritikoa” eman zion EH Bilduk aurrekontuei; gustuko ez zituzten partidak egonagatik ere, EH Bilduk berak egindako 95 proposamen horietatik gehienak jasoak zeudelako bertan, eta Herri Bilgunean ere hala onartu zutelako. Era berean, koalizioko kide Iñaki Eizagirrek nabarmendu zuen hilero aurrekontuen egoera aztertuko dutela gobernantza batzordean. “Aurrekontuak osatzerakoan, hauek gauzatzea da helburua eta horretan arduraz eta zintzotasunez jokatuko dugu, jarraipen zuzena eginez”.
Irabazi Zarautz alderdiko Ana de Benitok aurtengo aurrekontuak iazkoak baino %5 handiagoak direla nabarmendu zuen, eta horiek lantzerakoan ez direla kontuan hartu herritarrak, ezta oposizioa ere. “Aurrekontu hauek txartzat jotzen ditugu, inbertsioak murriztu dituztelako, eta gure ustez apustu sendorik ez duelako egiten Zarauzko Udalak arazo garrantzitsuenei irtenbidea emateko; besteak beste, enpleguari, etxebizitzarako sarbideari eta hondakin kudeaketaren aldaketari”. Horrekin batera, hainbat partidarekin ez daudela ados adierazi zuen Irabazi Zarautzeko zinegotziak. “Aurrekontu jarraitzaileak dira, eta Udal Gobernu aldaketan konfiatu zutenentzako desilusio bat da”.
Zentzu horretan, Irabazi Zarautzen “ikuspegi negatiboak” ez duela laguntzen azaldu zuen Arana. Proposamenik ez zutela aurkeztu esateaz gain, haiena “kritika hutsa” izan zela azpimarratu zuen. Xabier Txurruka alkateak izan zuen azken hitza, eta atzoko bilkuran “elkarlanean oinarritutako politika berria” abiatu zela azpimarratu zuen, EH Bilduren jarrera eskertuz: “Ezinezkoa da gauza guztietan ados egotea, baina hein handi batean bat gatoz proiektu zehatz batzuekin, eta horeik elkarlanean egin behar ditugula Zarauzko herriaren alde”.
Aurrekontuak publiko egingo dira, eta herritarrek ikusteko aukera izango dute. Hilabete batera emango zaio behin betiko onarpena, eta bitarte horretan alegazioak egiteko aukera izango da.
Kostuak eta inbertsioak
Aurrekontuen kostu orokorra 36. 384.784, 89 eurokoa izango da: pertsonal gastuak 11.061.131,55 euro; kostu, ondasun arrunt eta zerbitzuetan 15.517.123, 39 euro; finantza kostuak 125.500 euro; transferentziak (diru-laguntzak eta halakoak), 3.519.086,43 euro; inbertsio errealak, 3.107.000 euro; kapital transferenstziak, 680.000; finantza aktiboak, 25.000 euro, eta finantza pasiboak, 2.349.931 euro. Partida garrantzitsuena kostu, ondasun eta zerbitzuetara bideratuko dituztela nabarmendu zuen Aranak: “Herritarrei zerbitzu egokia emateko diru kopurua da”. Horrekin batera, pertsonal kostuen %1eko igoera nabarmendu zuen, eta partida horretan jasotzen dira abenduaren 30eko bilkuran onartutako balorazioa betetzeko diru kopurua.
Egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, “nahitaezkoa” ikusi dute ekonomia garapenean “apustu finkoa” egitea. “Aurrekontu hauek, Udal Gobernuak ez du bakarrik egunerokotasuna begiratzean. zarauzko etorkizuna garatzeko ere badira”, azaldu zuen Ogasun zinegotziak.
Egitekoak diren inbertsio nagusien artean, honako hauek nabarmendu zituzten Udal Gobernuko ordezkariek:
Ekonomia garapena
– Zarautz 2015 plan estrategikoa.
– Merkataritza bultzatzeko plana.
– Lehen sektorea sustatu: Merkatu Plaza indartuz eta baserritarren azpiegiturak osatuz.
– Enplegua sustatzeko partidak, diru-laguntza eran (150.000 euro).
– Errotaberri industrialdea bultzatu.
Teknologia garapena
– Smart Zarautz proiektua garatzeko lehen urratsak.- Open Data: Zarauzko Udalak bere egunerokotasunean jasotzen dituen datuak eta lantzen dituen gaiak publikoki azaltzea udaleko webgunean.
Zerbitzuak
– Herritarren Arreta Zerbitzua; udaberrian bulego berria martxan jartzea.
– Udaleko langileak baldintza egokietan eta prestakuntza egokiarekin lana egiteko partidak.
Mugikortasuna
– Itxasmendiko biribilgunea.
– TAO berria martxan.
– Santa Klarako lur azpiko pasabidea; Eusko Jaurlaritzak ordainduta.
– Alde Zaharra oinezkoentzat egokitzeko lanen bigarren fasea: aurten hasiko dira lanekin, eta Santa Klarako pasabideko lanetik lotuta doa.
Azpiegiturak
– Igera-Gain parkea estaltzea (300.000 euro)
– Modelo aretorako plana idatzi.
– Gaztelekuko teilatua hobetu.
Herrilanak
– Auzoz auzo ekimena sustatu, auzoetako garbiketa zerbitzua indartuz.
– Alfaltatze Plana, herriko hainbat eremu, bide eta kaleak hobetzeko; TAO berriarekin jarrriko dute abian.
Euskara
– Euskara bermatzeko diru-laguntzak: komunikabideentzat, herri eragileentzat, norbanakoentzat…
Parekidetasuna
– Parekidetasun Plana garatzeko partida.
– Emakumeen Etxea poiektua.
Kirola
– Errugbiko harmailak estali (120.000).
– Astiko aldagela berriak eta transformadore berria.
– Zarauzko Arraun Elkartearen lokaleko mantenu lanak: kiroldegiko arraun fosoa egokitu.- Zenbait kirol lokalen mantenurako, txukuntze lanetarako eta materialetarako inbertsioak.
Turismoa eta jaiak
– Sektore eta bisitari berriak bultzatu, turismoa urte osoan sustatuz.
– Jaiak indartzeko partida.
Etxebizitza
– Etxebizitza Plana: Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekargutik bildutako 100.000 euro alokairua bultzatzeko. Alokairua ordaintzen laguntzeko eta gazteei languntzeko diru-laguntzak, horretarako beste 100.000 euroko partida; EH Bildu alderdiak eskatuta.
Ongizatea
– Laguntza ildo berri bat abian jarri; besteak beste, probrezia energetikoari aurre egiteko. Diru-laguntza gehitu herriko erakundeei (150.000 euro).
– Etxe kaleratzeen kontrako partida .
– Kooperazio garapenerako aurrekontua gehitu, %0,7a lortzeko agintaldi honetan.
Ingurumena
– Natur interesa duten lursailen erosketa.
– Eraztun Berde Urdina proiektua (100.000 euro).
Segurtasuna
– Udaltzaingoarentzat auto hibridoa.
Beste batzuk
– Jasotako animalien jasotze zerbitzuan aldaketak.
– Txakurrak aske uzteko gune berriak.