Zarautz Lur-ek bertako lur saila salduko dio Eusko Jaurlaritzaren sozietateari, 2,7 milioi euroan. 50 etxebizitza sustatuko ditu: 30 tasatutakoak eta 20 babes ofizialekoak.
Dena ongi bidean 2017an hasiko dira Aldapetan obrak egiten, 2019an bukatzeko
Iturria eta argazkia: Urola Kostako Hitza
Aurreko osteguneko udal osoko bilkuran onartu zuten Visesa erakunde publikoaren, Zarautz Lur udal erakundearen eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena. Gehiengo babesa jaso zuen erabakiak, Udal Gobernu taldearen (EAJ eta PSE-EE) eta Irabazi Zarautzen aldeko botoekin; EH Bildu, aldiz, kontra agertu zen.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko etxebizitza publikoen sustapenerako sozietatea da Visesa, eta honek 50 etxebizitza sustatuko ditu Aldapetan: 20 babes ofizialekoak eta tasatutakoak 30. Era berean, gutxienez 360 metro koadro ekipamendu publikora bideratuko dituzte. Horretarako, Zarautz Lurrek lursaila salduko dio Visesari, 2.618.702,52 euroan. «Hitzarmen hau gure etxebizitza plana gauzatzeko lehen giltzarria baino ez da», nabarmendu zuen Xabier Txurruka alkateak. Dena ongi bidean 2017an hasiko dira Aldapetan obrak egiten, 2019an bukatzeko.
Proiektua bideragarri
EH Bilduk Aldapetako proiektu orokorra osatu zuen aurreko agintaldian: 60 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen, horietatik 48 tasatuak eta 12 alokairura bideratuko zirenak. Txurrukak adierazi zuen proiektu hura baztertu egin dutela: «Visesak esan digu aurreko proiektua ez dela bideragarria. Beraien proposamena izan da proiektu berri bat egitea, hobeto egokitzeko Aldapetako maldari, hobeto txertatzeko, eta murrizteko eraikitze zein urbanizazio kostuak. Gure asmoa da proiektua bideragarritasunaren bidera ekartzea». Urbanizazio proiektua «ahal zen heinean» aprobetxatu dute: «Igogailua jarriko dugu, EH Bilduren ekarpenarekin bat eginda, eta ez eskailera mekanikoak».
Eraikigarritasunak 5.000 metro koadrokoa izaten jarraituko du, baina 60 etxebizitza egin beharrean, 50 eraikiko dituzte. Alkatearen esanetan, etxebizitza zabalagoak izango dira. «Visesak urteak daramatza babes ofizialeko etxebizitzak egiten, eta guk konfiantza dugu haiengan. Esan digute herritarren gehiengoak etxebizitza zabalagoak nahiago dituela, poxpolo kaxetan bizi baino». Gainera, 12tik 20ra igoko dute babestutakoen kopurua, eta «horiek alokairuan jartzen eta herriarentzat eskuratzen saiatuko gara». Santa Ana Fundazioarekin adostutakoa beteko dutela nabarmendu zuen alkateak, eta «akordio hori proiektu berrian jasota egongo da».
EH Bilduko kide Iñaki Eizagirren arabera, «etxebizitza handiagoak badira, garestiagoak ere izango direla uste dugu. Gainera, tasatuak jabetzan ematen dira, lehen azalera eskubidean ematen zirenean. 2.700 euro metro koadroko prezioa zehaztu da tasatuetan, eta babestuetan 1.600 euro metro koadroko. Bestalde, babestutako 20 etxebizitzak udalak erosi nahi ditu, baina ez dakiguna da nondik erosiko dituen».
Aurreko proiektuarekin 12 etxebizitza alokairuan emateko «borondate politikoa» zegoela azaldu zuen Eizagirrek, eta bi motatako tasatuak zeudela: bereziak (2.400 euro metro koadroko) eta orokorrak (2.900 euro metro koadroko). «Gure apustua zen lehiaketara ateratzea eta sustatzaile pribatu batek eskaintza merkeago bat egitea. Udalari dirua eman beharrean, tasatuen prezioa jaistea zen asmoa. Orain etxebizitza handiagoak izango dira eta, ondorioz, garestiagoak, eta jabetzan emango dira».
Urbanizaziorako 2,4 milioi euro bideratzea aurreikusi zuen EH Bilduk aurreko proiektuan, eta «orain Visesa prest dago 1,6 milioi ordaintzera, eta beste 500.000 euro udalari emango dizkio. Pozten gara kopuru txikiago batean egiteko gai baldin bada, baina guri zalantzak sortzen zaizkigu».
Aurreko proiektuarekin, Aldapetako etxebizitzen promozioa udalaren esku geratzen zela gogorarazi du Eizagirrek; hau da, jabetza publikoan. Proposamen berriarekin, aldiz, jabetza pribatuan geratuko direla dio. «Hitzarmen honi ez diogu bermerik ikusten. Arrisku handiak hartzen ditu Zarauzko Udalak eta Zarautz Lurrek».
«Ez dira eskuragarriak»
Irabazi Zarautzek baiezkoa eman zion hitzarmenari, «ez guztiz ados gaudelako, alde txarrak ere ikusten baitizkiogu, baina gauden egoeran irtenbide onena izan daitekeela uste dugu», azaldu zuen Ana de Benitok. Promozioari «bultzada» eman arren, Irabazi Zarautz alderdiari iruditzen zaio etxebizitza tasatuak ez direla «eskuragarriak» izango zarauztar gehienentzat, «240.000 eurotik gorako prezioa izango dutelako».
Udalak alokairura bideratu nahi dituen 20 etxebizitzen erosketari buruz, zalantzak dituzte «hori posible izango den ala ez». Hori dela-eta, udalak zenbat ordaindu beharko lukeen kalkulatzeko eskatu zuen De Benitok, eta kontu hartzaileari finantzaketa plana egiteko.
PSE-EEko ordezkari Pablo Garciaren esanetan, hitzarmen honekin Udal Gobernuak eginiko etxebizitza planaren %20a gauzatuko da. «Helburu handiko plana da, baina, halaber, errealista, udalerriko etxebizitza arazoari konponbidea emateko». Aurreko proiektuarekin alderatuta, babestutako etxebizitzen kopurua areagotu egiten dela adierazi zuen Garciak, eta tasatuena murriztu. «Inork ezin du zalantzan jarri aldaketa honek duen jarrera publikoa eta soziala».