Errotaberri industriaguneko obrek irauten duten artean Frantseskua zubia itxi behar dutela eta, trafikoa bideratzeko lau metroko zabalera izango duen errepide bat egitekotan direla jakin du Ingurumen zinegotziak. Vazquez asmoaren aurka agertu da: «ez dut arrazoirik ikusten halako errepiderik egiteko».
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia desados agertu da Frantseskua bidearen atzean egiteko asmotan diren errepidearekin. Udaleko Agenda 21 Sailaren asmoa gune hori etorkizunean oinezkoentzat eta bizikletentzat izatea zela azaldu du Vazquezek.
Obrak direla eta Frantseskua zubia itxi beharra dagoenez, Tejeria ingurutik etorriko den eta basotik igoko den lau metroko zabalerako errepidea egiteko asmotan dabiltzala azaldu du Vazquezek. «Ez dut honen inguruko planorik edo proiekturik ikusi, baina bizilagun batzuk komentatu didate makinak dagoeneko hasi direla bidea egiten». Behin behinean Frantseskua zubitik igarotzen den trafikoa mendi-errepideetatik bideratzeko egokitzapenak egitea ez du gaizki ikusten Vazquezek, baina kontua «nola bideratzen den» dela azaldu du.
Vazquezen hitzetan «oso trafiko gutxi» ibiltzen da inguru horretan, eta nahiz eta sagardotegira batzuetan mikrobusak igotzen diren, inguru horretan dagoen bidegurutze estu bat apur bat konpontzea nahikoa litzatekeela uste du, errepide berri bat egin beharrean. «Ez dut halako errepide handirik egiteko arrazoirik ikusten».
Zinegotziak dioenez, behin-behinekoa izango da aipatu errepidea, baina behin kotxeek hortik igarotzeko ohitura hartuz gero kentzea «zaila» izango dela uste du. «Ez dut zentzuzkoa ikusten horrelako txikizioa egitea gune natural batean, horretarako bakarrik».
Olaa errekaren desbideratzearen inguruan
Olaa errekaren inguruan egindako inausketa lanekin ere ez datorrela bat azaldu du Ingurumen zinegotziak. Ibaia desbideratzea akatsa izan zela uste du. «Badakit proiektu hori beste garai batetik zegoela udalean, baina gaur egun, URA agentziako zuzendariak hala adierazita, ez lukete baimenik emango halako lanik egiteko». Zarautzen gelditzen zen ibai natural bakarra zela azaldu du Vazquezek, eta orain «aldatuta» dagoela. Inguruan zuhaitzak landatuta «ondo» gelditu dela uste badu ere, dioenez, ibai bat desbideratzea ingurumenaren ikuspegitik «larriagoa» da eta hori ez da zuzentzen «zuhaitz batzuk landatuta».
Honen guztiaren ondorioz, inguru hori «guztiz eraldatzen» ari dela uste du zinegotziak. «Nire ustez hau ingurune natural bezala mantendu beharra dago. Badago lekua Zarautzen etxebizitzak egiteko eta hormigoia sartzeko».