Hainbat espezie inbaditzaile kenduko dituzte artelatz berriak landatzeko, eta alor didaktikoa ere landuko dute, bidexka sarean panelak jarrita.
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia eta Jon Zulaika Arkamurkako kidea . (A. Ventas Aldabaldetreku)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Hitzarmen horren helburua da Vista Alegreko parkearen zaindu eta mantentzea. Eta bereziki, bertan aurkitzen den artelatz basoa babestu eta zabaltzea. «Ingurumen zinegotzi gisa, nire ardura nagusia da Zarauzko natura eta biodibertsitatea zaintzea zein babestea. Zarautzen baditugu altxor naturalak: biotopoa eta Garate-Santa Barbarako Zaintza Bereziko Gunea. Natura 2000 sarean dago sartuta alde hori. Bertan dagoen artelatz basoa babestuta dago, bere balio naturalagatik, eta Zaintza Bereziko Gunearen barruan aurkitzen da Vista Alegreko parkea ere», jakinarazi du Gloria Vazquezek.
Haren arabera, parke horren biodibertsitatea «oso garrantzitsua» da, 2000 sarearen barruan dagoelako, eta aldi berean, balio gehigarri bat duelako; izan ere, herritik oso gertu aurkitzen da. Era berean, eraztun berde-urdinaren barruan sartzen da. Hain zuzen, berezitasun hori babesteko eta zaintzeko sinatu dute hitzarmena Ingurumen sailak eta Arkamurkak.
Natur taldea arduratuko da gune horren zaintzaz, Ingurumen sailarekin koordinatuta. Eusko Jaurlaritzak duela hiru urte onartu zuen zonalde horren zaintzaren inguruko plana eta diru-laguntza bat eman zion natur taldeari. Hori baliatuz, hainbat esku hartze egingo ditu Arkamurkak.
Izan ere, Arkamurkak bazuen kezka bat: «Iñurritza eta Pagoetako Natur Parkearen plangintzak aurrera zihoazen bezala, ikusi genuen Zarautzen dugun hirugarren naturgune babestuarena, Garate-Santa Barbarako 200 hektarea inguruko zonaldeari dagokiona, ez zela martxan jarri«. Udalaren jabetzako gunea izanik, plan proposamena egin zion erakundeari. «Jakinik Vista Alegrekoa parkea dela eta hala izaten jarraituko duela, jendearen aisialdirako izaten segituko du. Baina, aldi berean, beste hainbat irizpide gehituko dizkiogu artelatz basoaren kontserbazioa bermatzeko», azaldu du natur taldeko kide Jon Zulaikak.
Alor didaktikoa landu
Batetik, artelatzaren presentzia ugarituko dute. «40 artelatzetatik gora daude Vista Alegreko parkean. Baina, era berean, hainbat espezie exotiko ere badaude, bere garaian horko kondeak ekarrita. Nahasketa oso kuriosoa dugu parkean, beraz«, dio Zulaikak.
Artelatz berriei lekua egiteko, ordea, bertakoak ez diren landare inbaditzaile batzuk kendu beharko dituzte, besteak beste, crocosmia, banbua eta trachycarpus-a. Beste batzuk mantendu egingo dituzte, ez direlako «inbaditzaile petoak», sekuoiak, tuliparbolak eta liquidambar-ak, esaterako. «Ikusgarriak dira, parkearei izaera exotikoa ematen diote eta ez dute aparteko arazorik sortzen«. Oreka bat bilatzen saiatuko dira, hala.
Kentzen dituzten espeziekin, berriz, biodibertsitatearekin lotutako beste hainbat elementu garatuko ditu Arkamurkak, «hildako egurraren elementua», kasu. «Askori arraroa egingo zaie zuhaitz bat kendu eta bertan usteltzen uztea. Ez da zabarkeria; hori basoak mantentzeko prozesu bat da. Horrekin lotuta daude prozesu natural ugari, naturaltasuna mantendu nahi den baso hauetan mantendu beharrekoa».
Hori eta beste hainbat kontzeptutan sakontzeko, alor didaktikoa ere landuko dute, «jendeak bertatik bertara ikas dezan zer den baso natural bat, zein prozesu ematen diren baso naturaletan, zergatik artelatza hemen…«. Horretarako, bertako ibilbide sarean zehar hainbat panel jartzeko asmoa dute. Horri lotuta, ekitaldi ugari ere antolatuko dituzte, Zuhaitz Eguna eta abar. Udaberrirako panelak jarrita egongo direla aurreikusi du.
Bilera, gabonen aurretik
Auzokoekin ere elkarlanean ariko direla jakinarazi du Vazquezek. Vista Alegreko bizilagun eta Torreoia bizirik taldearekin dagoeneko egin dute bilera bat hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko eta euren ekarpenak jasotzeko. «Ekitaldi ugari antolatzen dituzte parkean eta Prozesu parte-hartzaile hori herritar guztiei irekita dagoela adierazi du, eta gabonen aurretik beste bilera bat egiteko asmoa dutela zarauztar guztiekin, «parkea eta Torreoia bera altxorra delako herritar guztientzat«. Horregatik, udala, Arkamurka eta zarauztarren arteko elkarlana «ezinbestekoa» dela dio Ingurumen zinegotziak.