Zarauzko Udala 2012an hasi zen Euskal Fondoarekin lankidetzan, eta aurten elkarteko kide egin da; guztira, 114 tokiko erakundek osatzen dute.
Juanma Balerdi Euskal Fondoa erakundeko zuzendaria eta Pablo Garcia Kooperazio zinegotzia (Aritz Mutiozabal)
Argazkia eta Iturria: Zarauzko Hitza
2015aren amaieran hartu zuten kide izateko erabakia udalbatzarrean. «Gisa honetan gure kolaborazioa erregulatzen dugu, forma egonkorragoa eta fidagarriagoa emanez«, adierazi du Kooperazio zinegotzi Pablo Garciak. Aurrerantzean udalak gutxienez kooperazioko aurrekontuaren %10a bideratuko du Euskal Fondoaren proiektuetara. Aurten, %11,9koa izango da; hau da, 24.419 euro.
Tokiko Euskal Erakunde Kooperanteen Elkartea da Euskal Fondoa, eta garapenerako proiektuak diruz laguntzen ditu.»20 urte baino gehiago dira zenbait prozesu laguntzen ari garela Erdialdeko Amerikan, Kariben eta bereziki Saharari ematen zaion laguntzaren arloan«, adierazi du Euskal Fondoa erakundeko zuzendari Juanma Balerdik.
Aurtengo proposamenak ildo horretatik doazela nabamendu du Balerdik. Hiru proiektu hauek dira:
- 20 etxebizitza eraikitzea sortu berri den auzo periferietako familientzat, Somoton (Nikaragua).
- Udalen kudeaketan berdintasunaren ikuspegia laguntzen duten prozesu estrategikoek ezartzeko III. fasea, Transversal Norte mankomunitatean (Guatemala)
- Habanako hirigune historikoan arreta sozialeko programaren indartzea eta dibertsifikatzea: adinekoak eta behar bereziko kolektiboak (Kuba).
Zarauzko Udalak eta Euskal Fondoak sentsibilizazioko eta garapenerako jarduerak antolatzen jarraitu dute elkarlanean. Duela gutxi Afganistan-Emakumeak erakusketa egin dute, eta aurten ere Sahararen aldeko Desioak sutan egitasmoa egingo dute.