PSE-EEk adierazi du EH Bilduk Vazquezen aurka «eraso basatia» bideratu duela sare sozialetan.
Gloria Vazquez.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Zarauzko PSE-EEk salatu du EH Bilduk Gloria Vazquez bozeramailearen kontrako «jazarpen kanpaina» abiatu duela. Gipuzkoako sozialisten atarian kaleratutako gaztelaniazko oharraren bitartez egin dute publiko. Zarauzko udal taldeak jakinarazi duenez, festa batzordeak Azken Portuko jaiak bertan behera utzi zituenean, Vazquezek kritikatu egin zuen EH Bilduk horren «erabilera politikoa» egin izana. Ondorioz, ezker abertzaleko hainbat kidek Vazquez «basatiki erasotu» dute sare sozialen bidez.
Oharrean zehaztu dutenez, sozialistek Vazquezi babesa agertu diote eta EH Bilduri eskatu diote «jazarpena lehenbailehen» bertan behera uzteko: «Aurkari politikoa zein haien iritzi bera ez dutenak beldurrarazi nahi dituzte. Egoera hori tamalgarria da».
«Gure alderdikideak sare sozialen bidez pairatu duena onartezina da. Bere adierazpen askatasunaren kontrako erasoak irain pertsonalera heldu dira. EH Bilduk duintasun politikoaren muga guztiak gainditu ditu», salatu dute. Horren aurrean, ohartarazi dute «herritarrentzat egokiena dena» defendatzen jarraituko dutela.