Alkoholaren kontsumoaren inguruan eta indarkeria sexista ekiditeko sentsibilizazio kanpaina bultzatuko du udalak gazteen artean.
Miren Letamendia, Gloria Vazquez, Ricardo Caparros eta Maite Garrastazu (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Ostiralean alkohola edaten ari diren gazteei zuzendutako prebentzio esku-hartzea egingo dutela jakitera eman du Prebentzio zinegotzi Miren Letamendiak. «Kontuan edukita egun horretan goizean hasi eta egun guztian alkohol kontsumo handiak egiten direla, eta herriko eta inguruetako nerabe asko etortzen direla, alkoholaren erabilerak sortu ditzakeen arriskuak gutxitzeko programa bideratuko dugu».
Ai Laket! elkarteak proposatutako programa da, eta bera arduratuko da alkoholaren kontsumoaren inguruko informazioa zabaltzen eta eskuorriak banatzen gazteen artean.«Prebentzio programa bat da, baina bizikidetza ere lantzen du, batez ere botiltzarra egiten diren tokien arazoak sortzen direlako gai horren inguruan», azaldu du Ai Laket! elkarteko kide Ricardo Caparrosek.
Era berean, indarkeria sexistarekiko sentsibilizazio lana egingo dutela jakitera eman du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek: «Izan ere, jaietan alkoholaren kontsumoa areagotu egiten da, eta, zoritxarrez, eraso sexistak gehitu egiten dira». Banatuko diren eskuorrietan indarkeria buruzko hainbat mezuak txertatu dituzte, eta Beldur Barik-eko pegatinak ere banatuko dituzte.
Zuzenean gazteengana
Programa ibiltaria da, eta elkarteko kideak gerturatuko dira gazteak dauden inguruetara prebentzio lana egitera. Guztira, zortzi kide ariko dira herrian zehar, 11:00etatik 18:00etara. Eskuorriez eta pegatinez gain, ura, janaria, zabor poltsak eta preserbatiboak banatzen dituzte. Saioa osatu ondoren, esku-hartzearen xehetasunekin txostena osatuko dute, jasotako datuak, balorazioa, aurkitutako zailtasunaketa gertakari aipagarriak azalduz.
Udaltzaingoaren arduradun Maite Garrastazu zinegotziak azaldu duenez, ostiralean udaltzain gehiago izango dira lanean, «guztien segurtasuna bermatzeko helburuarekin». Bide batez, jendeari errespetuz jokatzeko mezua helarazi du.