Udaleko Agenda 21 Sailak 40 erosketa-orga zozkatuko ditu ekainean, eta 1.500 saredun poltsa nahiz 26.000 poltsa konpostagarri banatu. Era berean, Poltsarik Gabeko Eguna izendatu nahi du astean egun batez, dendarien lankidetzarekin.
Gloria Vazquez eta Begoña Cabaleiro, zozkatuko dituzten bi orgekin (Aritz Mutiozabal)
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
Plastikoaren erabilera murrizte aldera, udaleko Agenda 21 Departamentuak Zarautz poltsarik gabeko herria izateko kanpaina jarri zuen abian martxoan. Emaus Fundazioarekin lankidetzan eta #Traolan lelopean, besteak beste, herriko ikastetxeetako gaztetxoak hondakinak jasotzen aritu ziren hondartzan, eta berrerabileraren inguruko erakusketa paratu zuten Merkatuko Plazako lehen solairuan. Orain, ekainetik aurrera, kanpainaren bigarren faseari ekingo dio hainbat egitasmorekin.
Emausek publizitate karteletako belakiak berrerabiliz egindako 40 erosketa-orga zozkatuko dituzte plastikozko poltsak erabiltzen ez dituzten herritarren artean. Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquezek jakitera eman duenez, ekainaren 4tik 16ra poltsa edo jakien ontzi berrerabilgarriekin erosketak egiten dituzten herritarrei zozketan parte hartzeko zenbakiak emango zaizkiela. Zozketa ekainaren 21ean egingo dute, eta zenbaki sarituak denda bakoitzeko erakusleihoan jarriko dituzte uztailaren 3an, Plastikozko Poltsarik Gabeko Egunean.
Era berean, Ondarruko saregileek egindako 1.500 poltsa saredun banatuko dituzte merkatuko baserritarren postuetan eta produktu ekologikoak saltzen dituzten dendetan, eta kanpainako lehen fasean bezala, 26.000 poltsa konpostagarri emango dituzte saltokietan.
Bestalde, dendarien lankidetzarekin, astean behin Poltsarik Gabeko Eguna finkatu nahi dutela azaldu Vazquezek: «Asmoa da parte hartuko duten dendariek, astero, plastikozko poltsarik gabeko ekimenarekin bat egitea, eta, egun horretan, ez banatzea poltsarik». Herritarren artean kontzizentzia piztea du helburu, ohiturak aldaraziz, orgen edo oihalezko poltsen erabilera bultzatu nahian. Kanpainarekin bat egiten duten dendetan, gainera, Zarautz Poltsarik Gabeko Herria mezua daraman kartela ezarriko dute.
«Aintzindariak, zergatik ez?»
Vazquezek gogora ekari zuen Espainiako Gobernuak plastikozko poltsak murrizteko neurriak hartuko dituela uztailetik aurrera, eta 2021. urtean guztiz debekatuko dituztela. «Baina ezin dugu hainbeste itxaron. Horrexegatik, Zarautzen jada martxan jarri gara. Aintzindariak izango gara, zergatik ez?». Piensa en global y actúa en local (Globalean pentsatu, lokalean ekin) leloa aplikatuz gero, herriz herri «mundu osoa eraldatzea» lortuko dela iritzi dio.
Abian jarritako kanpainak interesa piztu duela gaineratu du zinegotziak: «Zarauztarrek plastikoa murrizteko gogoa azaldu dute, eta hainbat pertsona eta elkarte gurekin harremanetan jarri dira parte hartu nahi dutela adieraziz. Oso pozgarria da. Hori zen lortu nahi genuena: herritarrek parte hartzea, parte aktiboa izatea eraldaketan».
Emauseko ordezkari Begoña Cabaleirok nabarmendu egin du Zarautz plastikorik gabeko lehen herria izateko hartu duen erabakia eta, zentzu horretan, «bultzatzaile» izan daitekeela beste udalerrientzat. Izan ere, «oso inportantea da guztiok erronka honetara gehitzea». Kanpainaren bigarren faseari dagokionez, adierazi du aurrerantzean herritarren esku dagoela pausoa ematea, plastikozko poltsak saihestuz eta emango dituzten saredun poltsak nahiz orgak erabiliz. Hala, herritarrei kanpainarekin bat egiteko deia egin du.