Datorren larunbatean, 20:30etik 21:30era argiak eta etxeko tresna elektrikoak itzaltzeko eskatu dute. Adena WWF erakundeak antolatutako mundu mailako egitasmoa da.
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Zarauzko Udalak, ordubete horretan, herriko eraikin hauetako argiak itzailiko ditu: Santa Maria la Real parrokia, San Frantzisko eliza, udaletxea, Sanz Enea kultur etxea eta Villa Mundakoak, hain zuzen ere.
«Ekintza sinboliko horren bitartez, gure ingurumenarekiko konpromisoa adierazi nahi dugu», nabarmendu du Agenda 21 departamentuko zinegotzi Gloria Vazquezek. Era berean, klima aldaketaren kontrako neurriak hartzeko beharra dagoela gogora ekarri nahi izan du. Zentzu horretan, Erlo telebistan bideo bat emango dute gaiaren inguruan, martxoaren 17tik 19a bitartean.
Adena WWF erakundearen ‘Planetaren Ordua’ egitasmoa Sidneyen (Australia) egin zuten estreinakoz, 2007an. Harrezkero, munduko hainbat hiritan eraman dute aurrera. Iaz, 172 herrialdetako 7.000 hirik hartu zuten parte, beraien eraikin esanguratsuenak itzaliz.