Ordenantza fiskalak behin betiko onartuta Zarautzen

Iturria: Urola Kostako Hitza

Behin betiko onartu dituzte Zarauzko ordenantza fiskalak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu eta Irabazi Zarautz kontra agertu dira. Ondasun Higiezinen zergan egin dute aldaketa nabarmenena: etxe hutsen gaineko errekargua %150etik %100era jaitsi dute. Errekargu hori «benetan hutsik egon diren etxeei» soilik ezarriko diete, Jesus Arana Ogasuneko zinegotziak adierazi duenez. Hori egiaztatzeko, energiaren kontsumoa izango dute kontuan. Elektrizitatearen kontsumoa urtean 554 kilowatt ordukoa baino gehiago eta gasaren kontsumoa 975 kilowatt ordukoa baldin bada, errekargua ordaintzetik salbuetsita egongo dira.

Beste hainbat salbuespen ere zerrendatu dituzte. Hobariren bat jaso dutenei edo jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal matrikulan alta emanda daudenek ez dute errekargua ordainduko, ezta aurreko urtean bederatzi hilabetetik gora alokatuta egon diren etxebizitzen jabeek ere.

Halaber, gainordaina ordaintzetik salbuetsita egongo dira hirugarren adinekoen egoitza batean zein gizarteratze zentro batean erroldatuta egon eta jabetzan etxebizitza bat dutenak, beti ere egoitzan sartu aurretik egoiliarraren ohiko etxebizitza baldin bazen. Herentzian jasotako etxeengatik ere ez da errekargurik ordaindu beharko titularra hil eta bi urteko epean, ezta 2014ko azaroa-abenduan etxea erosi eta erroldatzeko tramitea urte horretako lehen hiruhilekoan eginda dutenek ere. Gauza bera gertatuko da erortzeko arriskuan dauden etxebizitzekin ere.

Hiri katastroaren erregistroan bi finka independente osatzen dituzten etxebizitzek, baina bakar modura erabiltzen direnei ere ez diete gainordain hori ezarriko.
Errekargu horren bidez, urtean 100.000 euro jasoko dituztela aurreikusi du Aranak, eta diru kopuru hori alokairua sustatzeko baliatuko dute. Halaber, hobariak emango dizkiete familia ugariei, seme-alaba kopurua eta diru sarreren arabera. Hobariak jasotzeko etxearen balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa izan beharko du.

Urrian onartu zituzten Zarauzko ordenantza fiskalak behin behinean eta gehiengoz.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *