Baieztapen idatziaren zain dago udala, eta onartuz gero, 18:00etatik 11:00etara zabalduko lukete .Erabiltzaileek zazpi egunez jarraian har dezakete ostatu aurten
Ezkerretik hasita, Vazquez, Gorostidi, Rodriguez eta Galarraga, Neguetxearen parean (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Astelehenetik dago irekita Zarauzko Neguetxea. Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Monte Albertiaren atzeko Etxe Txikia eraikina utzi dio udalari, neguan etxerik gabeko pertsonei aterpea emateko. Erabiltzaileek gaua pasatzeaz gain, afaldu, gosaldu, dutxatu eta arropa garbitzeko aukera izango dute bertan, martxoa bitartean. Horiek 21:00etan sartu ohi dira aterpetxera, eta 09:00ak arte egon daitezke bertan.
Aurten, ordea, hori aldatu nahi du udalak, Neguetxeko ordutegia zabalduz. Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi du asmoa sarrera ordua aurreratzea dela eta irteerakoa atzeratzea. Alegia, beharra duten pertsonek 18:00etan jo ahal izatea aterpetxera, eta hurrengo eguneko 11:00etan ateratzeko aukera izatea.
Horrekin pertsona horien integrazioa erraztu nahi du erakundeak. «Bi helburu ditu proiektuak: alde batetik, etxerik gabeko pertsonek gaua pasatzeko leku bat izatea neguan, eta modu horretan, neurri batean haien bizi kalitatea hobetzea; eta bestetik, lagun horien gizarteratzea bultzatzea», azaldu du.
Vazquezen arabera, horretarako «ezinbestekoa» da ordutegia zabaltzea. «Beste lan bat egin daiteke ordutegi zabalagoarekin. Esaterako, goizean gizarte langileekin zein beste administrazioetako ordezkariekin egoteko aukera izan dezakete». Helburu horrekin egin diote proposamena Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak espero du baieztapen zehatza «laister» jasoko dutela.
Zazpi egunez jarraian
Aurten, gainera, erabiltzaileek zazpi egunez jarraian aterpetxean geratzeko aukera izango dute, hala nahi izanez gero. Aurreko urteetan, bertaratzen zirenek gehienez ere hiru egunez jaso zezaketen zerbitzua, eta denbora hori igarota, astebete itxaron behar izaten zuten bertara itzuli ahal izateko. 2015-2016 denboraldian, berriz, astebete egon ahalko dute bertan.
Hori «oso onuragarria» da Itziar Gorostidi Rais Euskadi Fundazioko ordezkari eta Neguetxeko koordinatzailearentzat. «Gure lana oinarritzen da kolektibo horrekin bitartekari lana egitea. Pixkanaka harremana sortu, eta horren bitartez, euren gizarteratze prozesuan aurrerapausoak emateko», adierazi du.
Hiru eguneko muga hori erabiltzaileen eta langileen artean harremana sortzeko ez zela «nahikoa» nabarmendu du Gorostidik: «Zazpi egunetan, ordea, ematen dizu aukera pertsona horiek pixka bat ezagutzeko, eta prozesu bat hasteko, beraiek hala nahi badute».
Rais Euskadik kudeatzen du Neguetxea, baina hainbat boluntariok ere laguntzen dute, musu truk. Kristina Rodriguez eta Pakita Galarraga dira horietako bi, eta nabarmendu dute «oso aberasgarria» dela eurentzat. «Gehiago jasotzen dugu ematen duguna baino. Oso gustura gaude», adierazi dute.
190 pertsona iaz
Duela lau urte zabaldu zuten Neguetxea, eta urtero hainbat eta hainbat pertsonak jotzen dute eraikin horretara, neguaren gordinean babesa hartzera. Vazquezek jakinarazi duenez, iaz 190 erabiltzaile izan zituzten sasoi osoan. Horietatik 16 emakumeak izan ziren.
Erabiltzaileetatik 115ek hiru gau jarraian igaro zituzten Etxe Txikian, eta horietatik 75 lagunek errepikatu egin zuten esperientzia hori beste bolada batzuetan. Era berean, eguneko batez beste 12 pertsonek egin zuten lo aterpetxean iazko neguko denboraldian.
Gehienez, gaueko 15 lagunek erabil dezakete Neguetxea. Bi solairu ditu: bata, gizonezkoentzat, eta bestea, emakumeentzat, «intimitatea» bermatzeko.
Bertan ostatu hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuekin (Zigordia kalea 33, behea helbidera joz edo 943- 005111 telefonora deituta) harremanetan jarri edo Udaltzaingora jo dezakete.