Emakumeen Nazioarteko Eguneko kartel lehiaketako irabazleak eman dituzte jakitera gaur goizean, Etxebazalan eginiko agerraldian. Haymar Manzisidorrek eginiko lanak jaso du epaimahaiaren sari nagusia, 400 euro, eta Maider Leturiagarenak, berriz, publikoarena, 200 euro; azken sari hori herritarrek aukeratu dute, facebook bidez botoa emanez. Irabazleei ez ezik, lehiaketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien Zarauzko Udaleko Berdintasun saileko zinegotzi Gloria Vazquezek.
Haymar Manzisdidor eta Maider Leturiaga, euren kartelekin, eta, erdian, Gloria Vazquez (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza.
Emakumea ahalik eta modu sinpleenean islatu nahi izan du Manzisidorrek bere kartelean: «Pare bat trazurekin emakumezko baten aurpegia irudikatu dut, eta morea erabili dut horretarako, feminismoaren kolorea delako». Leturiagak, aldiz, guztiz kontrakoa egin duela nabarmendu du: «Ilustrazioaren mundua gustatzen zait eta hortik abiatuta, emakumea bere horretan erakusten saiatu naiz. Ondoren, landare batzuk gehitu dizkiot irudiari, ukitu tropikal bat emanez».
Aurten, 14 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, aurreko urtean baino zerbait gutxiago, eta kartel irabazlea aukeratzea ez dela lan erraza izan gaineratu du Vazquezek. Estilo ezberdinetakoak lanak jaso dituzte: minimalistagoak, figuratiboagoak… «Niri, esaterako, Haymarren lana hasieratik gustatu zitzaidan, oso gutxirekin asko adierazten zuelako», azaldu du zinegotziak. «Baina onartu behar dut Maiderren kartela azken momentura arte aritu ginela aztertzen epaimahaian».
Ohi bezala, kartel irabazlea erabiliko dute Martxoaren 8rako prestatu duten egitaraua iragartzeko. Aurten, publikoak aukeratutako kartela ere txertatuko dute eskuorrietan, kartel irabazlearekin batera. Gainera, martxoaren 8an bertan, Musika Plazako kioskoan jarriko dituzte erakusgai lehiaketara aurkeztutako lan guztiak. «Berdintasuna aldarrikatzeko eguna da, feminismoaren bidea jorratzeko guztion artean, eta, aldi berean, jai eguna ere bada. Eta pozten naiz gizonezko batek sari hau irabaztea. Izan ere, oso garrantzitsua da gizonen parte hartzea bide honetan. Guztiok batera egin beharrekoa baita», adierazi du Vazquezek.