Pasa den asteartean bilera egin zuten Zarautzen, herritarrei Siriako errefuxiatuen etorreraren inguruko informazioa eman eta elkartasun harrera sarea sortzeko helburuarekin
Ezkerretik, Aranguren, Omaro, Garcia, Aranguren eta Etxeberria (Zarauzko Udala).
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Herritarrekin bilera irekia egin zuten hilaren 10ean, Zarauzko Udaleko Lankidetza sailak eta herriko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak deituta. Bi helbururekin antolatu zuten: batetik, herritarrak informatzeko gerrako errefuxiatuen etorreraren inguruan; eta bestetik, zarauztarrek osatutako elkartasun harrera sarea sortzeko lehen pausoa emateko. Halaber, erakundeei errefuxiatuak «lehenbailehen» ekartzeko «presioa egiteko» ere baliatu dute bilera.
Han izan ziren Pablo Garcia Lankidetzako zinegotzia, Abdul Magid Omaro mediku siriarra eta Zarauzko bizilaguna, Gurutze Gorriaren Harrera eta Gizarteratze arduradun Kattalin Aranguren, Immigrazio teknikari Julen Aranguren eta Pablo Etxeberria Gizarte Zerbitzuetako teknikaria.
Omarok nabarmendu zuen siriarrek euren herrialdea utzi «beste erremediorik ez» dutela. «Mugakide diren herrialdeak errefuxiatuz beteta daude, eta arazo sozialak sortzen ari dira. Horregatik, beste bide batzuk ari dira bilatzen, itsasoz etortzea, adibidez, heriotzaren bidea, alegia. Eta mafiek bide horretan esku hartzen dute». Zarauzko bizilagunak nabarmendu zuen ezin dela «eskuak gurutzatuta» egon.
Bat egin zuen harekin Garciak eta zehaztu zuen krisi humanitario horri erantzuteko «betebehar morala» dagoela eta, ondorioz, egoerak eskatzen duen mailako irtenbidea eman behar dela. Arangurenek jakinarazi zuen, EAEn errefuxiatuei egingo zaien harrera CEAR errefuxiatuei laguntzeko Espainiako batzordearen eta Gurutze Gorriaren esku dagoela.
Gaineratu zuen egoera «normalizatuan» daudenentzat 18 hilabeteko bidea zehaztu dutela eta 24 hilabetekoa arriskuan daudenentzat. Haren arabera, lehen sei eta bederatzi hilabete artean harrera eskainiko dieten erakundeek interpretazio eta itzulpen zerbitzua, laguntza psikologikoa, laguntza juridikoa, lanbide-orientazioa, laguntza ekonomikoak eta etxebizitza emango dizkietela, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzaren harrera sarerako lau etxebizitza eskaini dituztela azaldu zuen Etxeberriak eta baliabide horrekin 13 pertsonei eman daitekela aterpea. Horrekin batera, 2.000 euro eman dizkiote Acnurri, larrialdietarako. Pozik agertu da Zarautz «herri solidarioa» delako, asko direlako laguntza emateko prest udalera joandako bizilagunak.