Iturria: Noticias de Gipuzkoa
Zarauzko Udal Gobernua kezkatuta dago azken hilabetean koma etiliko ugari kudeatu direlako Udaltzaingotik. Horietako asko adingabeak direla-eta, adin txikikoei alkohola saltzea debekatuta dagoela gogorarazi nahi du Udalak. Hala, droga menpekotasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzea kontuan hartuta, edari alkoholdunen kontsumoari, eta batez ere, adin txikikoek egiten dutenari, aurre hartzea duen ordenantza du Udalak.
2004tik indarrean dagoen ordenantzak alkoholaren kontsumoaren inguruko araudia jasotzen du, herritarren artean kontsumoa oso altua delako. Gainera, kontsumi-tzen hasteko adina gero eta baxuagoa da (13,6 urte bataz beste), eta datu hori oso kezkagarria da. Beraz, horri aurre hartzeko neurriak ezarrita daude, haurrak eta gazteak babesteko helburuarekin.
Kontsumo desegokia ekiditeko asmoz, eta ordenantzak araututako debekuak eta mugak betearazteko, Udaltzaingoak eta udal-ikuskatzailetzak lokalak ikertzeko, ikuskatzeko, aztertzeko eta kontrolatzeko ahalmena dute, eta arau-hauste zigorgarritzat hartzen da aurkako jarrera aktiboa edo omisiozkoa, baita aipatutako lana oztopatze hutsa ere.
Ordenantza honetan jasota dauden arau-hausteek, beraz, ondoko zigorrak dituzte: ohartarazpena, isuna, jarduera aldi baterako etetea edo establezimendu, lokal edo enpresa aldi baterako ixtea. Arau-hauste oso larriek lokala ixtea ekarriko dute, hiru urte bitartera arte. – A.R