Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Erosketak urriaren 30era arte egin ahalko dira, Zarauzko saltokietan
“Aurten, sozialistok eskola materiala erosteko diru laguntza areagotzea lortu dugu eta baita irizpideak ezartzea laguntza hori eskuratu ahal izateko. Dudarik gabe, ikasturte hasierari aurre egiteko zailtasunak dituzten herritarrei ongi etorriko zaie”, nabarmendu du Gloria Vazquezek, Ongizateko zinegotzi berriak (PSE-EE). Hain zuzen, 125.000 euroko partida gorde dute horretarako—2014ean 15.000 eurokoa zen—.
Hiru mailatan emango dituzte laguntzak: 2014an 17.000 euro baino gutxiagoko sarrera izan zuten familiei 100 euroko laguntza eskainiko diete; 17.000 eta 25.000 euro bitarteko sarrerak izan zituztenei 75 eurokoa eta 50 euroko laguntza iaz gehienez 35.000 euroko diru sarrera izan zutenei. Diru kopuru jakin horiek familiako ikasle bakoitzagatik eskainiko dituzte. Zarauzko saltokietan erosi beharko da materiala, uztailaren 1etik urriaren 30era. Hori dela eta, Vazquezek gogoratu du “garrantzitsua” dela ordainagiria edo faktura gordetzea, gerora erakusteko.
Diru laguntza eskaerak irailaren 15etik urriaren 30era egin ahalko dira. Irailean, herriko ikastetxeetan banatuko dituzte eskaera egiteko agiriak.
Jangela eta garraioa
Eskola materiala erosteko laguntzaz gain, PSE-EEk beste bi laguntza—eskolako jangelari zein eskolarako garraioari dagozkienak— gehitu zituela adierazi du gobernukideak, baina EH Bilduk ez zituela martxan jarri. “Aurrerantzean, PSE-EEk kudeatuko du Zarauzko Ongizate saila. Gobernutik, sozialistok eta EAJko ordezkariak dagoeneko lanean ari gara laguntza horiek aurrera eraman ahal izateko eta zarauztarrengana heltzeko. Izan ere, udal gobernuaren helburua herritarren bizi kalitatea hobetzea da, eta hori bera izango da Ongizate sailaren oinarria”.