Zarauzko Udalak 3.518 euro eman dizkio Hotz Zarautzi, Salvamento Maritimo Humanitariok Mediterraneoan erreskateak egiteko materiala lortzen laguntzeko.
Iñigo Gutierrez, Xabier Txurruka, Patxi Elola eta Agate Burgaña, udaletxe atarian. (A. Ventas Aldabaldetreku)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
«Urteak dira gerratik ihesi doazen errefuxiatuak Mediterraneo itsasoa gurutzatzen dutela, euren bizitza arriskuan jarriz. Grezia, Italia edota Maltako kostetara heltzen dira eta, zoritxarrez, Siriatik, Eritreatik, Sudandik, Afganistandik eta gerrak zein pobreziak kolpatutako lurretatik ihes egiten jarraituko dutela dirudi», nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. Hori dela eta, Zarauzko Udalak «argi» dauka errefuxiatuen alde lanean diharduten erakundeak lagundu beharra dagoela. Zentzu horretan, aurten 3.518 euroko laguntza eman dio Hotz Zarautz errefuxiatuen aldeko erakundeari.
Hotz Zarautz Chios irlan (Grezia) lanean dabilen Salvamento Maritimo Humanitarioko kideekin elkarlanean ari da, eta hori dela eta, diru kopuru hori erakunde horrek erreskateetarako materiala lortzeko baliatuko du. Hain zuzen ere, erreskaterako material hori Lifeline itsasontzirako da, Mediterraneoan egiten duen «lan baliotsuarekin» jarraitzeko.
Salvamento Maritimo Humanitarioko kide Iñigo Gutierrezek azaldu zuen zehazki zertarako baliatuko duten udalaren diru laguntza: «Orain jasotako laguntza, zehazki, erreskate masiboetan erabiltzeko ontzi puzgarriak eskuratzeko baliatuko dugu». Adierazi du orain arte ez dutela halakorik erabiltzeko beharrik izan, baina badakitela erabiliko dituztela. Izan ere, Chios ingurutik «oso kezkatuta» itzuli da Gutierrez. «Itsasoa ikaragarri handia da, eta GKEetako ontziak oso eskasak dira Libiako kostan. Egun askotan geurea soilik aritu da bertan lanean, eta egunero hel daitezke errefuxiatuen ontziak muga horietara». Zentzu horretan, Gutierrezek salatu du Europa ez dela ari zenbatzen errefuxiatuen zenbat ontzi desagertzen diren; gorpuak soilik zenbatzen dituela.
«Datu beldurgarriak»
Patxi Elola Kooperazioko zinegotziak Acnur eta Save The Children erakundeek emandako datuak «beldurgarriak» direla aitortu du: «Hiru milioi errefuxiatu daude Turkian eta sei milioi pertsona Siriatik ihes eginda. Siria ondoko herrialdeak errefuxiatuez gainezka daude, eta Turkiako baldintzak oso kaskarrak dira. Gainera, Siriako gerrak ez du etenik eta harrapatuta dauden pertsonak ihes egiteko bideak bilatzen jarraituko dute, itsasoak zeharkatzen».
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 2015etik gaur egun arte 10.200 pertsona baino gehiago ito dira Mediterraneo itsasoan. Horri lotuta, Txurrukak adierazi du azken astean Libiako uretan 315 erreskate egin dituztela GKEk. «Argi dago etxean hiltzeko arriskuan dagoen jendeak ihes egingo duela ahal duen lekutik», baieztatu du Gutierrezek. Izan ere, Libia une honetan «infernua» dela dio, eta «itsaso lehorrean», hau da, desertuan aurki daitezkeen gorpuak zenbaezinak direla.
Hotz Zarautzeko ordezkari Agate Burgañak bat egin du Gutierrezekin: «Libian gertatzen ari dena larrialdi egoera da, denboran luzatzen ari dena. Guk errefuxiatuak ez ditugu ahaztu nahi, aitzitik oso presente ditugu, eta horregatik jarraituko dugu haien eskubideen alde lanean», nabarmendu zuen Burgañak.
Kooperazioko zinegotziaren arabera, egoera horrek giza izaeraren «muturreko» bi aldeak erakusten ditu: «Alde batetik, hori posible egiten duten ordezkari politikoen jokabide ankerra dugu, Europako mugak itxi eta errefuxiatuentzat pasabide ziurrak sortu ez dituztenen jarrera, eta beste aldetik, egoera horren aurrean sortu den elkartasun uholdea, horien artean, Hotz Zarautz erakundea».
Horregatik, Elolak aitortu du Zarauzko Udalarentzat «pribilegio bat» dela Hotz Zarautzen bitartez errefuxiatuei lagundu ahal izatea. «Azkenean, benetan inporta duenaz ari baikara: bizitza eskubidea zein duintasuna defendatzeaz eta pertsonak salbatzeaz», gehitu du Txurrukak.