Udaleko Ingurumen departamentuaren ekimenez, Azti Tecnaliak Zarauzko itsasertzari buruzko txostena idatzi du. Bertan jasotakoa paneletan laburbildu dute.
Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquez eta Azti Tecnaliako teknikari Joxemi Garmendia (Aritz Mutiozabal)
Argazkia eta iturria: ZarauzkoHitza
Lan honen helburua da herritarrek eta bisitariek herriko itsasertza eta bertako fauna nahiz flora ezagutzera ematea, Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek adierazi duenez: «Biodibertsitatea kontzerbatzeko lehen pausoa ezagutza da. Ezagutzen dena baloratu eta zaindu egiten da».
Arlo ezberdinetan egin da lanketa. Alde batetik, ikerketa bat burutu du Azti Tecnaliak, informazio guztia txosten tekniko batean bilduz. «Txosten horretan oinarri bezala hartu dute euskal kostaldean dagoen biodibertsitatea, dauden habitat ezberdina, eta, era berean, adierazi dute Zarautzen zer topatu daitekeen», dio Vazquezek. Aztiko teknikari Joxemi Garmendiaren esanetan, «topatu ditugun izaki guztien zerrenda bat osatu dugu, eta espezie bakoitzari dagokion argazki bat jarri dugu, jendeak identifikatu ditzan». Txosten hori herritarren eskura jarriko dute Ingurumen departamentuan.
Bestetik, hiru panel dibulgatibo jarriko dituzte bihartik aurrera malekoian, Gurutze Gorriak dituen postuetan. Panel horiek adieraziko dute hondartzan eta arroketan zer dagoen eta zer espezie ikus daitezken, edukien bitartez eta irudiz hornituta. Panelek txostenaren ildoa jarraitzen dutela nabarmendu du Garmendiak, baita Zarautzen dauden bi habitatak eta bertako izakiak zehazten direla bertan: arrokak eta hondartza.
Azkenik, Arazi enpresako hezitzaileak Moila inguruko arroketan ariko dira herritarrei eta bisitariei bertan topatu daitekenaren berri emanez eta zaintzeko mezua zabalduz, ondorengo larunbatetan: uztailaren 9an eta 23an, eta abuztuaren 6an. Bi orduko saioak izango dira, eta ordutegia itsabeheraren arabera zehaztuko dute.