Bizkaia kalearen zati bat, Hegoalde kalea eta inguko txokoak «eraberritzeko» proiektua jarri du mahai gainean Gloria Vazquezek. Ingurua «txukuntzeaz eta atontzeaz» gain, emakumeentzako co-working espazio bat eta etxegabeentzako aterpetxea gune horretan kokatzea da asmoa.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Hegoalde ingurua «egoera kaskarrean» dagoela eta, Salberdingo proiektu urbanistikoa garatzen den bitartean «zerbait» egin daitekeela azaldu zuen Gloria Vazquezek atzo prentsaren aurrean egindako agerraldian. Emakumeentzako co-working espazio bat nahi du sortu Parekidetasun zinegotziak: «uste dut Zarautzen badaudela emakumeak horrelako ideiak garatzeko gogoarekin, eta horiei aukera bat emateko bururatu zitzaidan inguru horretan zerbait planteatzea». Hori buruan zerabilkienean, Neguetxe birkokatzeko beharra ere sortu zen, diputazioak Hezkuntza Sailari utzi baitio horretarako erabiltzen den eraikina. Honen harira, proiektu berria urte osoan zabalik egongo den aterpea izango dela ere azaldu zuen Vazquezek.
Bi behar horiek aseko dituzten egitasmoak inguru berean kokatuko dituen proiektua garatzeko, GAC arkitektura estudioarekin jarri zen harremanetan zinegotzia, eta dagoeneko, mahai gainean jarri dute aurreproiektua. «Arlo degradatuetan esperientzia duen estudioa» dela GAC esan zuen zinegotziak.
Arkitektoek ateratako ondorioetako bat izan da egun badagoela jarduera eremu horretan: gimnasioak, gazte lokalak, komertzioak… badaude. Eremua ordenazioz kanpo dagoenez, legeak ez du baimentzen gune horretan ezer eraistea eta ezer eraikitzea. Beraz, bertako jabeek ezin dute obrarik egin inguruan, «atontze lan txikiak» bakarrik. Hustuz joan den industriagune bat da inguru horretan dagoena, eta auzo hori berreraikitzen hasi bitartean urte asko igaro daitezkeenez, auzoa «biziberritzeko» proiektua aurkeztu dute arkitektoek, eraikuntza lanik egin gabe.
«Espazio publikoa sortzea» da proposamenaren funtsa, egun asfalto hutsa dagoen eremuan. Horretarako, egun brigadako biltegian dauden hainbat material erabili daitezke, eta arkitektoek azaldu zutenez, «interbentzio minimoarekin» posible da gunea «itxuraldatzea». Maxi Eroskiren atzeko kalean lorontziak, bidegorria eta halako kale-altzariak kokatuz, espazioa «atondu» nahi dute, bide batez, oinezkoentzako, bizikletentzako eta kotxeentzako bideak bereiztuz.
Emakumeentzako co-working-a eta Neguetxea sustatzeaz gain, «herritarrak auzora erakartzea» ere bada asmoetako bat. Horretarako, espazio «goxoago» bat lortu nahi dute. «Egun, inguru kaotiko samarra da horkoa. Ez dago garbi oinezkoek nondik ibili behar duten eta ez dago bidegorririk», azaldu du estudioko arkitektoak. «Helburua ingurua txukuntzea da, proiektu horiek kokatu ahal izateko eta alboko auzoa bezain duina izateko».
Bi proposamen zehatz horiez gain, «erabilera anitzak dituen auzoa» sortzea da asmoa. Aisialdirako espazioak sortu nahi dituzte (skatepark-a, kirolguneak, bidegorria…), kontzertuak, merkatuak eta beste hainbat egitasmo egin ahal izateko gune babestu bat eta elkarteentzako hainbat espazio.
Hori gauzatu ahal izateko, pabilioietako kanpo espazioak aprobetxatzea proposatzen dute. «Eremu pribatuak dira, baina jabeekin akordioren batea heltzea posible litzateke». Espazio horietan ezer berreraiki ezin den arren, «eraikin txiki batzuk txertatzea» posible ikusten dute arkitektoek, «eremua aktibatzen joateko». Horretarako, elementu prefabrikatuak erabiltzea da asmoa: itsas kontenedoreak. Horiekin hiru «eraikin» nagusi egitea proposatu dute: batek bulegoak, tailerrak eta denda txikiak bilduko ditu, bestea kafetegi modukoa izango da eta azkena etxegabeentzako egoitza izango da. «Bertako ekintzaileei bultzada bat ematea» da besteak beste helburuetako bat.
Etxegabeentzako aterpea, Araba kalean
Neguetxeren zerbitzua urte osoan zehar ematea da Gloria Vazquezen asmoa, eta horretarako eraikina Hegoaldeko proiektuan txertatu du. Arkitektoek azaldu dutenez, «gaur egun deterioratuta dagoen eremu batean halako aterpetxe bat sartzea estigmatizatzea izango litzateke, badagoelako mito bat halako lekuak arazoak ekartzen dituztela, nahiz eta kudeaketa zuzen batekin halakorik ez den gertatzen». Egun ZAE-ren bigarren eskuko denda dagoen eraikinaren aurrean kokatzea proposatu dute itsas kontenedorez egindako eraikina. Dutxak, moduloz osatutako 12 pertsonentzako logelak eta jantokia izango lituzke aterpetxeak.
Proiektua Vazquezek mahai gainean jarri duen arren, datorren agintaldian gobernuan daudenek erabaki beharko dute proposamenarekin aurrera jarraitu edo ez.