Udalak Azti Tecnaliarekin hitzarmena berritu du, itsas ertzeko dinamikaren jarraipena egiteko, eta Iñurritzako landarediaren gida aurki argitaratuko dute.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
«Zarauzko hondartza dudarik gabeko altxorra da, ingurumen balio handikoa, zaindu eta mantendu beharrekoa, aisialdirako eta turismorako duen garrantziaz harago». Hori dela eta, Zarauzko Udalak hondartzako ingurumena zaintzen jarraitzen duela dio Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzi eta Eraztun Berde-Urdina proiektuaren arduradunak. Hainbat pauso eman ditu zentzu horretan.
Batetik, Azti Tecnaliarekin hitzarmena berritu du, itsas ertzeko dinamikaren jarraipena egiteko. 2010ean sinatu zuen lehenebiziko aldiz lankidetza akordioa, itsas ertzeko dinamikaren azterketa egiteko, Santa Barbaran jarritako bideo kameren bitartez. Beste lau urterako luzatu dute bi aldeek hitzarmena. «Horren helburua da itsas ertzeko irudiak etengabe jasotzea eta datuak erregistratzea», azaldu du Ingurumen zinegotziak. «Datu horien lanketak balio handiko informazioa eskaintzen du, itsasoaren maila, itsas ekaitzen indarra, hondarraren mugimenduak eta abar aztertzeko. Horrela gure ingurua ulertzen saiatuko gara hobeto kudeatzeko eta aldaketa klimatikoak izan dezakeen eragina ere baloratzeko».
Iñurritzako landareriaren gida
Bestetik, Ingurumeneko saila hondartzako bioaniztasuna ezagutzeko lanean ari dela nabarmendu du. Aurten, udalak arroketako bioaniztasunari buruzko ikerketa egin du Azti Tecnaliaren laguntzarekin. Horrekin batera, Iñurritzako hegaztien azterlana egiten ari dira, Arkamurka Natur Taldearen eskutik, eta baita Iñurritzako landarediaren gida ere, Aranzadi Elkartearen eskutik. «Azterlan horiek hedatzeko gida laburrak argitaratuko ditugu».
Era berean, gogoratu du hondartzako ingurumena zaintzeko kudeaketa bermatzeko, udalak 2004. urtean EMAS sistema ezarri zuela. “Eta ingurumen balio hori dela eta sartu dugu eraztun berde-urdinaren proiektuan . Berdea mendiagatik eta urdina itsasoagatik», dio Vazquezek.
EMAS Batasuneko Ingurumen Kudeaketa eta Ikuskaritza Sistemak, ingurumen hobekuntza bultzatzen du sektore guztietan. Ingurumeneko sailak hondartzako zein malekoiko kudeaketa koordinatzen ditu, EMAS sistemaren bitartez, obra, lorazaintza, zerbitzuak eta segurtasuna bideratzeko. Sistemaren ikuskaritza AENOR enpresak egiten du.