Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Otsailaren 17tik 22ra Pobrezia Energetikoaren Aurkako Astea da Europan. Horrekin lotuta, Gloria Vazquez Zarauzko Ongizate zinegotziak adierazi du familia askori “ezinezkoa” zaiela etxean tenperatura egokia izatea, eta arazo hori areagotu egin dela krisian eta faktura elektrikoaren igoeraren ondorioz. Hori dela eta, gogorarazi du Ongizate sailak pobrezia energetikoaren aurkako hainbat laguntza ematen dituela udalerrian, “inork neguan hotzik pasatu ez dezan eta ezta argi mozketarik jasan ere”.
“Askotariko laguntzak eskaintzen dira”, zehaztu du Vazquezek. Ohiko laguntzez gain, Goiener kooperatibarekin elkarlanean ari da sail hori. Horren helburua da formula bat topatzea herritarrei aholkularitza eskaintzeko argiaren faktura murriztearen inguruan. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ere hainbat baliabide eskaintzen ditu, Gurutze Gorriaren bitartez. “Badakigu jende askori Gizarte Zerbitzuetara jotzea kostatu egiten zaiola, baina gogoratu behar dugu edonork bizi dezakeela egoera hori arrazoi batengatik edo besteagatik”, aitortu du Ongizate zinegotzia. “Horregatik, sail horretan egiten den lana aitortu nahi dut eta herritarrei azaldu zein baliabide eskaintzen dizkieten beharra dutenei”.
Gizarte Zerbitzuen helburua herritarren eskubideak bermatu eta desberdintasun sozialak zuzentzea dela dio Vazquezek: “Edonork du eskubidea etxe bat eta bizi baldintza duinak izateko. Zarautzen laguntzak eskaintzen dira baina lanean ari gara horiek areagotzeko. Horrekin batera, komunikazioa ere hobetu nahi dugu, herritar orok jakin dezan. Izan ere, guztiok dugu bizi kalitate duina izateko eskubidea”.