Gloria Vazquez (PSE-EE): «Hegoalderako proposatzen dugun proiektua oso berritzailea da zonalde hori berraldatzeko eta duintzeko»

Zarauzko Udaleko Ingurumen, Parekidetasun eta Gizarte Zerbitzuen zinegotzia da Gloria Vazquez (Errenteria, 1965). Aurreko agintaldian bezala, alderdi sozialistaren alkategaia da udal hauteskunde hauetan ere.

Azken agintaldian abiatutako proiektuekin jarraitzea da Vazquezen asmoa (Onintza Lete Arrieta)
Azken agintaldian abiatutako proiektuekin jarraitzea da Vazquezen asmoa (Onintza Lete Arrieta)

Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza

EAJrekin Udal Gobernuan egon zarete agintaldi honetan. Nola baloratzen duzu azken lau urte hauetan egindako lana?
Nire aldetik balorazioa oso ona da. Gauza asko egin ditugu Udal Gobernuan departamentu guztietan, eta alderdi sozialistaren kudeaketaz balorazio oso positiboa egiten dut. Orokorrean, baita gobernuarena ere: proiektu asko jarri ditugu martxan herrian eta lan asko egin dugu. Emaitzak hor daude, agerian. Esaterako, bultzada handia eman diogu ingurumen politikei, baita berdintasun arloari ere. Gizarte Zerbitzuen departamentuan, berriz, diru laguntza eta proiektu berriak jarri ditugu martxan.

Gustura zaudete zuen bazkideekin.
Bai. Uste dut ondo funtzionatzen duela gobernu honek. Ezberdinen arteko akordioa izan da, gu ezkerrekoak garelako eta EAJ eskuinekoa, moderatua izan arren, baina gauza asko partekatzen ditugu. Gainera, udaletan errazagoa dela iruditzen zait, udal mailako politika egiten delako, asko herriari begiratuz. Gero, guk kudeatu ditugu ezkertiarrenak diren arloak–politika sozialak, berdintasuna eta ingurumena–eta gure irizpideen arabera egin dugu.

Apirilaren 28an emaitza oso onak lortu zituen PSOEk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Horrek lagunduko dizue zuei igande honetako udal hauteskundeetan?
Normalean laguntzen digu. Orain arte ikusi dugu Espainiako Kongresuan emaitza onak ditugunean, edo Espainiako Gobernuan egon garenean, beti eragina izan duela udal mailan ere.

Zein da zuen helburua hauteskunde hauetan?
Alkatetza lortzea, noski, horretarako aurkezten gara. Gutxienez ordezkari gehiago izatea da gure asmoa. Uste dugu zarauztarrek jakingo dutela baloratzen egin dugun lana. Gainera, proiektu eta lan batzuk berritzaileak izan dira; esaterako, Eraztun Berde-Urdina, edo Hegoalde berraldatzeko proposamena. Horregatik, espero dugu babesa izatea orain arte egindako lanak.

Hauteskunde programan Hegoalde garatzeko proposamena txertatu duzue.
Bai. Batetik, emakumeen langabeziari aurre egiteko eskaintzaren bat beharrezkoa ikusten nuen, gizonezkoena baino altuagoa delako tasa. Hortik sortu ziren hainbat ideia. Bestetik, beharrezkoa zen Neguetxerentzat beste toki bat aurkitzea, eta Hegoalden ikusten nuen aukera. Azkenean, sortu den proposamena izugarria da; uste dut proiektu oso berritzailea dela zonalde hori berraldatzeko eta duintzeko. Bestela, urte askoan egon behar du geldi, eta nik uste dut hori ezin dela 20 urtez eduki orain dagoen egoera kaskarrean. Hor zerbait egin behar da. Plan orokorraren arabera, Salberdin amaitu arte Hegoalden ezin da ezer egin, ezin da eraiki.

Hortaz?
Gure proiektuan proposatzen dugu edukiontziak jartzea ezer eraiki beharrean, eta horietan kokatzea bulegoak, coworking espazioak, kafetegiak etab. Gainera, kaleak txukundu daitezke brigadan dauden elementu sinple batzuekin, dagoena berrerabiliz: loreontziekin eta farolekin, adibidez.

Neguetxea ere hor kokatuko zenukete.
Bai, Araba kalean, lehen Peugeot tailerra zegoen ondoko eremuan. Eraikin horren aurrean badago espazio nahikoa hiru solairuko kontenedoreak jarri eta etxerik gabekoek egunez eta gauez erabili ahal izateko, 12 pertsonek lo egiteko tokiarekin.

Zer aurrekontu izango luke Neguetxek?
Askotan esan dut Neguetxe bailarako herri guztien artean kudeatu behar dela. Eta aldundiak kudeatzen badu, are hobeto. Aldundiak aterpe guztien ardura hartu behar duela uste dugu.

Zarautzen zuretzat zein da lehentasuna igandetik aurrera? Non ikusten duzu hutsune nabarmenena?
Zarautzen bizi kalitate handia dugu, baina pertsona asko daude beharrak dituztenak; langabezian daudelako, edo krisiaren ondoren oraindik pertsona batzuk eta negozio edo enpresa batzuk ez direlako errekuperatu. Horretan indarrak jarri behar ditugu laguntzeko. Egia esan, Zarautzen langabezia tasa oso baxua da, %6aren ingurukoa, eta alde horretatik errekuperatzen ari gara, baina uste dut enpresa askorentzat zaila izan dela eta pertsona askok gaizki pasa dutela. Esaterako, iaz diru laguntzak igo egin ziren asko, eta hortaz, errekuperazio horretan bultzada eman behar diegu, ez bakarrik diru laguntzen aldetik, baita enpleguaren bitartez ere.

Zer puntu azpimarratuko zenituzke Zarauzko PSE-EEren programatik?
Batetik, enpleguak garrantzia handia du gure programan, eta kolektibo zehatzei zuzendutako ekintzak planteatzen ditugu; baita coworking espazioen bidez ekintzaileei erraztea beren negozioak irekitzea ere, diru gutxiren truke toki bat eskainiz. Bestetik, indar handia jarri dugu ingurumenaren zaintzan, eta baita berdintasunean ere. Herri guztietan bezala, lan handia dago egiteko: emakumeen aurkako indarkeriarekin eta diskriminazioarekin amaitu behar da. Etxebizitza ere oso garrantzitsua da Zarautzen, hor hutsune handi-handi bat dugu.

Eta zer proposatzen duzue etxebizitzei dagokienez?
Batetik, jarraitzea Salberdinen garapenarekin. Garrantzitsua izango da, 1.000 etxebizitza inguru eraikiko direlako eta horrek eragina izango duelako bai alokairuan, bai bigarren eskuko etxebizitzen prezioan. Prezioak jaistea ekarri beharko luke horrek. Hala ere, proposatzen dugu aztertzea alokairurako diru laguntzak ematea, Eusko Jaurlaritza irekitzen ari den bideari jarraituz. Bizigune programa hasi gara jada bultzatzen, baina uste dugu oraindik ez duela ezagutzen jende askok, etxez etxe informazioa banatu genuen arren. Horren beri eman behar zaie herritarrei. Alokairuzko BOEak eraikitzea ere jaso dugu programan, eta baita udalak bigarren eskuko etxebizitzak erostea ere, Gizarte Zerbitzuen etxebizitza parkea osatzeko. Orain 16 etxe ditugu larrialdietarako, eta inportantea da kopuru hori handitzea, beharra badagoelako Zarautzen.

Bizikidetza arloa ere sartu duzue programan.
Agintaldi honetan oso zaila izan da lan egitea arlo horretan, eta ezin izan dugu aurrerapauso askorik eman. Dena dela, guk gure programan sartu dugu Bizikidetza Plan bat, eta hainbat ekimen planteatzen dugu bertan, batez ere terrorismoaren deslegitimazioaren inguruan. Terrorismoa, datorren tokitik datorrela, esan nahi dut.

Emakumeen kirola bultzatu nahi duzue.

Bai, uste dugu oso indartsu dagoela kirola herri honetan, eta hainbat instalazio handitzen ere ari dira. Ordea, uste dugu nerabeak eta, batez ere emakumeak, animatu behar direla eta bultzatu behar direla kirola egitera.

Datorren agintaldian zer nahiko zenuke lortu pertsonalki? Erronka berezirik baduzu?
Izugarri gustatuko litzaidake martxan jartzea Hegoaldeko proiektu hori, iruditzen zaidalako oso berritzailea dela, oso polita dela eta gauza asko egin daitezkeela herritarren alde. Izan ere, zarauztar asko, batez ere gazteak, jarri dira nirekin harremanetan, beraien proiektuak azaltzeko. Iniziatiba eta sormen handia dago, eta gaitasuna dago herritarrengan, batez ere gazteengan, proiektu berriak abiatzeko. Haltzadia babestea ere izugarri gustatuko litzaidake, eta askotan aipatu bezala, hezeguneak babestea: Irita eta Asti. Uste dut biodibertsitatea zaintzea garrantzitsua dela, eta gizakiontzat ere funtsezkoa dela, natura hondatzen badugu geu ere hondatu egingo garelako.

Berdintasuna ere oso arlo garrantzitsua da niretzat, eta izugarri gustatuko litzaidake Emakumeen Etxea martxan jartzea eta herritarrekin batera lantzea, gauza oso politak egin daitezkeelako han.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *